Ekonomia -

tubacex

Yolanda Diaz: "Tubacexeko erregulazio txostena baliogabetu izana oso albiste ona da"

Espainiako Gobernuko Lan ministroa pozik agertu da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak igorritako baliogabetze epaiarekin. CC.OO. Euskadik, bere aldetik, "kaleratze politika gupidagabeak amaitzea" eskatu du.

Yolanda Diaz. Argazkia: EFE
Yolanda Diaz
Yolanda Diaz. Argazkia: EFE

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Tubacexen enplegu-erregulazioko espedientea (ERE) baliogabetzat jo zuela atzo jakin ostean, Yolanda Diaz Lan eta Gizarte Ekonomiako ministro eta Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteordeak esan du "oso albiste ona" dela enplegu-erregulazioko espediente hori baliogabetu izana. Espedienteak enpresak Amurrion eta Laudion dituen lantegietan 129 langileri eragiten die, 95 kaleratze eta 34 aurre-erretiro edo baja-pizgarriekin.

Twitter-en idatzitako mezu baten bitartez, Lan ministroak azpimarratu du "greban 146 egun pasa ostean, langileek kaleratzek gelditu dituztela".

Epaietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du egiaztatuta ikusten egiturazko arrazoi ekonomikorik dagoenik espedientean, eta covid-19aren  eraginarekin lotzen ditu, hau da, testuinguru jakin batek, pandemiak, eragindako ondorioekin; beraz, uste du enpresak ezin duela saihestu pandemiaren ondorioz  enplegua ez suntsitzeko ezarri den aparteko lan-legeria.

Horren harira, Diazek azpimarratu du, "pandemia honetan onartutako neurriek zehazten duten bezala", enplegua babestea "erantzukizun kolektiboa" dela.

Mobilizatzen jarraitzeko deia

Bestalde, CC.OO. Euskadi pozik agertu da EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiekin, Tubacexek proposatutako erregulazio-espedientea "bertan behera" utzi duelako, eta "kaleratze politika gupidagabeei amaiera ematea" eskatu du.

Ohar batean adierazi duenez, EAEko Auzitegi Nagusiaren ostean, enpresak berriro sartu beharko dituela erregulazio-espedienteak eragindako langileak, eta izapideetako soldatak ordaindu beharko dizkiela.

Azpimarratu duenez, justiziaz "arrazoia eman die langileei", PCBren kasuan bezala, eta uste du "langileen borroka eta irmotasunari ezker, zuzendaritzak inposatutako espedientea eraitsi" duela.

CC.OO. Euskadik "etsenplutzat" hartu du Tubacexeko langileen borroka, 4 hilabete pasa luzatu eta oraindik mantentzen duten greban zehar, bai eta haren aurretik ere; "zuzendaritzak ez bezala, langileek negoziazio serio baten alde erakutsi duten jarrera" ere goraipatu du sindikatuak.

Zentzu horretan, CC.OO. Euskadik mobilizatzen eta negoziatzen jarraitzeko deia egin du, zuzendaritzek "kaleratze politika orokorrak inposatzen saiatzen diren enpresa guztietan". Izan ere, sindikatuaren ustez, "argi gelditzen ari da politika horiek irregularrak direla eta legearen babesik ez dutela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tubacex Espainiako Gobernua Epaiketak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak Yolanda Diazen adierazpenak