Ekonomia -
FINANTZAK
BBVAk 1.305 milioi euroko irabaziekin amaitu du 2020a, 2019an baino % 62,9 gutxiago
Pandemiak sortutako krisiari aurre egiteko hornidurak eta bankuaren AEBko filialaren balio-narriadura izan dira jaitsiera horren arrazoiak.
EITB MEDIA
BBVAk 1.305 milioi euroko irabazi garbia lortu zuen 2020an, aurreko urtean baino % 62,9 gutxiago, koronabirusaren krisiari aurre egiteko hornidurak eta AEBko filialaren balioaren narriadura direla eta. Azaroan iragarri zuen filialaren salmenta, eta hori gabe 3.000 milioi irabaziko zituzkeen.
Horrela azaldu du erakundeak Espainiako burtsa-merkatuaren gainbegiraleari (Balore Merkatuaren Batzorde Nazionala) bidalitako ohar batean, eta, horren arabera, laugarren hiruhilekoan 1.329 milioi euroko etekina izan zuen, Estatuan bizi-aseguruak ez direnak Allianzi salduta lortutako gainbalio garbia barne.
Bankuaren arabera, AEBko filialaren salmentak "8.500 milioi euroko kapitala" jarriko du, egun dituen merkatuetan "modu errentagarrian hazteko" eta dibidendua handitzeko. 2020ko ekitaldiaren kargura akzio bakoitzeko 5,9 euro-zentimo banatzea eta 2021ean ordainketa horietara irabazien % 35-40 bideratzeko politika berreskuratzea espero du.
Azaroaren amaieran, bertan behera utzi zuen Banco Sabadellekin bat egiteko proiektua, eta aipatu filiala saltzeko prozesua amaitutakoan bere akzioen % 10 inguru erosi nahi ditu berriro, betiere merkatuaren baldintzak egokiak badira eta beharrezko baimenak jasotzen baditu.
Taldearen kaudimena (CET1 "fuly loaded" kalitate goreneko kapital ratioak neurtuta) % 11,73koa izan zen, egungo gutxienekoa (% 8,59) baino handiagoa. Ratio horrek ez du barne hartzen BBVA USAren eta beste sozietate batzuen salmentaren eragin positiboa, ezta BBVA Paraguairen salmentaren eragina ere.
Balantzeari eta jarduerari dagokienez, mailegu eta aurrerakinen kopuru gordina 378.139 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino % 4,5 gutxiago, % 4ko berankortasun ratioarekin (% 3,8 2019an) eta % 81eko balizko kaudimen-gabezietarako estaldurarekin (% 77 2019an).
2020an, BBVAk pandemiak kaltetutako hiru milioi bezero artatu zituen, 63.000 milioi eurorekin, bermedun kreditu-lerroak eta luzamenduak kontuan izanda.
Eremu geografikoei dagokienez, Mexikok taldearen lokomotora gisa jarraitu zuen (1.759 milioi euroko irabaziak), Espainia (606 milioi), Turkia (563 milioi), Hego Amerika (446 milioi) eta AEB (409 milioi) eta Eurasiako gainerako eremua (137 milioi) atzetik zituela.
Taldearen emaitzen kontuaren marjina nagusiei dagokienez, interesen marjina (diru-sarrera gehienak barne) % 7,3 murriztu zen eta 16.801 milioi euroan geratu zen.
Marjina gordina ere % 6,1 jaitsi zen, 22.974 milioi euroraino, besteak beste, komisioen % 8,3ko beherakadagatik (4.616 milioi euro); marjina garbia, berriz, 12.219 milioi eurokoa izan zen, urte batetik bestera % 2,7 jaitsi ostean.
Abendu amaieran, BBVAren bezero digitalek 37 milioi ziren mundu osoan, 2019an baino % 16 gehiago; bankuarekin sakelako telefonoen bidez erlazionatzen zirenak, berriz, 34,5 milioi ziren, % 20 gehiago.