Ekonomia -

BANKETXEAK

Akordiorik gabe amaitu dira BBVAk eta Sabadellek bat egiteko hasitako negoziazioak

Sabadellek azaldu duenez, bi bankuen arteko akzio trukea izan da bat egiteko oztopo nagusia. Horregatik, bakarkako ibilbidea du orain asmo banku kataluniarrak.

BBVA bankuaren Bilboko egoitza nagusia. Artxiboko argazkia: EFE
BBVA bankuaren Bilboko egoitza nagusia
BBVAren eta Sabadellen arteko bategiteak porrot egin du

1:20

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BBVA eta Sabadell bankuen arteko bat egitea ezerezean gelditu da. Bi banketxeek Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari (CNMV) bidalitako agirian azaldu dutenez, akordiorik gabe amaitu dira bat egiteko asmoz bi bankuek hasitako negoziazioak.

Sabadell bankuak jakinarazi duenez, bi bankuen arteko akzio trukea izan da bat egiteko eragozpen nagusia.

Bi finantza erakundeek iragan azaroaren 16an jakinarazi zuten bat egiteko negoziazioak abiatu zituztela, eta, azken egunetan zabaldutako informazioaren arabera, akordioa lortzetik gertu zeuden.

Akordioa lortuz gero finantza erakunde berriaren zuzendaritza izango zena ere adostuta zuten: Carlos Torres BBVAko egungo presidentea izango zen presidentea eta Josep Oliu Sabadelleko presidentea, ostera, presidenteorde.

Bat egite horrek 950.000 milioi euro baino gehiagoko finantza erakundea sortuko zukeen aktiboetan, Caixabanken eta Bankiaren fusioaren ostean sortuko denaren antzekoa tamainari dagokionez.

Bakarkako ibilbidea planteatu du Sabadellek

BBVArekin negoziazioak bukatutzat eman ostean, Sabadellek planteatu du bakarkako ibilbideari eustea, eta etxeko merkatua lehenesten duen negozio plan berri bat garatzea. Horrek esan nahi du TSB filial britainiarra saltzeko asmoa izan lezakeela.

Sabadellen administrazio kontseiluak, aho batez, negoziazioak bukatzea adostu ondoren, Josep Oliuk zuzendutako bankuak iragarri du 2021eko lehen hiruhilekoan negozio plan berri bat aurkeztuko duela.

Horrekin, kapitalaren erabileran efizientzia indartu nahi du, baita taldeko baliabideak sendotu ere. Asmoa da errentagarritasuna haztea eta akziodunei laguntzea", prentsa ohar batean azaldu dutenez.

Azken orduetan aurreratu dute plan berri horrek, besteak beste, efizientzia programa handitu eta Espainiako retail merkatua aldatuko duela. Gainera, aholkularien laguntzarekin, "baloreak indartzeko estrategiak" aztertuko dituzte.

Sabadellek TSB saltzeko aukerari buruz publikoki hitz egiten duen lehenengo aldia da. 2015ean erosi zion frankizia hori Lloydsi, 1.700 milioi liberaren truke (orduko 2.340 milioi euro).

Bestalde, sindikatuekin negoziatzen dabil banku kataluniarra, aurretiko erretiroen eta bajen bidez, 1.800 langile kaleratu nahi dituelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
BBVA Ekonomia Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa