Ekonomia -
Banketxeak
BBVA eta Sabadell fusionatzeko aukera aztertzen ari dira
CaixaBankek eta Bankiak bat egin zezaketela jakin zenean indarra hartu zuen BBVA eta Sabadellen arteko balizko fusioari buruzko zurrumurruak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
BBVA eta Sabadell bankuak fusionatzeko aukera aztertzeko elkarrizketak abiatu dituzte bi erakunde horietako ordezkariek, EFE agentziak jakinarazi duenez. Egitasmoa gauzatuko balitz, 950.000 milioi eurotik gorako taldea sortuko litzateke, CaixaBanken eta Bankiaren arteko bateratzeak eman duenaren parekoa.
BBVAk Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi dio Sabadellekin harremanetan dagoela, egoeraren azterketa egiteko eta kanpoko aholkulariak aukeratzeko. Alabaina, balizko bategiteari buruzko erabakia hartuta ez dagoela azpimarratu du.
"Oraindik ezin daiteke esan bateratze hori gauzatuko denik, ezta zein baldintzatan egingo litzatekeen ere", adierazi dute BBVAko iturriek. Edonola ere, EFE agentziak aurreratu du banketxe berriak 46.000 langile eta 4.200 bulego izango lituzkeela Espainian, eta Mexikora, Turkiara eta Erresuma Batura hedatzeko asmoa izango lukeela.
Joan den irailean, CaixaBankek eta Bankiak bat egin zezaketela jakin zenean, indarra hartu zuen BBVA eta Sabadellen arteko balizko fusioari buruzko zurrumurruak. Operazio horretara Kutxabank batu zitekeela ere zabaldu zen orduan.
Bestalde, BBVAk Ameriketako Estatu Batuetan duen filiala 9.700 milioi eurogatik saldu duela jakinarazi du astelehen honetan. Salmenta horri buruz azalpenak emetarakoan, Carlos Torres Vila BBVAko presidenteak esan du ez duela baztertzen diru hori balizko fusio batean erabiltzea.
Testuinguru honetan, BBVAren akzioek gora egin dute burtsan, baita Sabadellenak ere.