Ekonomia -
Hipotekak
Gorenak ez du HMEIn gehiegikeriarik ikusten, nahiz eta gardentasun falta egotzi
Nahiz eta oraingoz Gorenak soilik erabakia aurreratu, erabakiak ez ditu kontsumitzaileak asebete; izan ere, albistea "belarrondoko ikaragarritzat" hartu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizean (HMEI) oinarritutako lau hipoteka aztertu ditu Auzitegi Gorenak asteazken honetan. HMEIk neurriz kanpoko baldintzak ezartzen dituenik ukatu du Gorenak, baina kontratazioan gardentasun falta ikusten du, bankuek indizeak azken bi urteetan izandako bilakaeraren berri eman ez dutenean.
Nahiz eta oraingoz Gorenak soilik erabakia aurreratu, erabakiak ez ditu kontsumitzaileak asebete; izan ere, albistea "belarrondoko ikaragarritzat" hartu dute, baina ez dute itxaropenik galtzen.
Xehetasunak ezagutzeko zain, gai zibiletarako gelak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren (EBJA) irizpidea jarraitu du. EBJAk erabakia Espainiako epaileen esku utzi zuen iragan martxoan, HMEIren egokitasuna kasuz kasu aztertzea ebatzi baitzuen.
Horrela, “gardentasun falta ikusi du, indizeak azken bi urteetan izandako bilakaeraren berri eman ez dutelako”.
Hala ere, “EBJAren jurisprudentziari jarraituz, gehiegikeriarik izan ez” dela ebatzi du.
Magistratuek ez dute erabakia aho batez hartu; izan ere, Francisco Javier Royo epaileak boto partikularra eman du. Dagoeneko Royo indizearen aurka agertu zen sententzia polemikoan, Europako ateak zabalduz.
AEB eta CECA bankuetako patronalek Gorenaren erabakia txalotu dute, eta HMEI Espainiako Bankuak egindako eta Estatuko Aldizkari Ofizialak argitaratutako indize ofizial bat dela gogorarazi dute.
Kontsumitzaileek, ostera, erabakia errefusatu dute.
Patricia Suarez Asunfingo presidenteak adierazi duenez, “belarrondoko ikaragarria” izan da. Suarezen hitzetan, “guztiek, Auzitegi Gorenak izan ezik”, neurriz kanpokoak ikusten dituzten hipotekak mantentzera behartu dituzte bezeroak.
Almudena Velazquez reclamador.es abokatuen plataformako kidea ere haserre azaldu da. “Desengainua eta harridura”, onartu ditu Velazquezek, nahiz eta sententziaren edukia osorik ez aztertu. Abokatuaren ahotan, “Espainian HMEIk kaltetutako pertsonak babes gabe utzi ditu” Gorenak.
Era berean, “bankuak salbatzeko” saiakera berri bat egin izana leporatu dio HMEI Stop Gipuzkoa plataformak Auzitegi Gorenari.