Ekonomia -

Antxoaren arrantza-aldia

Bizkaiko golkoan antxoaren stocka bere maximo historikoan kokatu da

Euskal Herriko arrantza-ontziek 4.600 tona antxoa harrapatu dituzte, eta merkatuan batez beste izandako prezioa iazkoa baino baxuagoa izan da.

Antxoa.
Antxoa.
Antxoa.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AZTI ikerketa zentroak bultzatako Bioman kanpainak emandako azken datuen arabera, Bizkaiko golkoan antxoaren stockak bere maximo historikoa erregistratu du, biomasa 330.000 tonakoa dela uste baitute. Euskal herrian 4.600 tona antxoa harrapatu dira, eta merkatuan batez beste 1,38 euroan saldu da kiloa.

Rogelio Pozo AZTIko presidenteak eta Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak azken datuak aurkezteko prentsaurrekoa eman dute AZTIk Pasaian duen egoitzan. Horrez gain, Bioman kanpaina zientifikoa aurkeztu dute, 1987tik AZTIk Basque Research and Technology Alliance (BRTA) taldearen parte izateagatik aurrera daraman iniziatiba bat.

Bioman kanpainaren azken datuen arabera, egun antxoaren biomasa 330.000 tonakoa dela uste dute, “ikerketa 1987an hasi zenetik erregistratutako altuena”. Beraz, “espeziearen biziraupena bermatzeko ezarritako gutxieneko 21.000 tonako balorearen mugaren gainetik dago”.

Kanpainan jasotako datuak Itsasoaren Esploraziorako Nazioarteko Kontseiluan aztertzen dituzte gero. Horrela, antxoaren stocka zenbatekoa den kalkulatzen dute, eta horren arabera zehazten dute urteko harrapaketa-kopurua (urtean guztira zenbat arrantzatu daitekeen).

2020ko arrantzaldia

Orozek, bere aldetik, esan du aurtengo arrantzaldian euskal arrantzaleek 2019an baino 3.900 tona antxoa gutxiago harrapatu dituztela: 8.500 tona harrapatu zituzten 2019an eta 4.600 harrapatu dituzte aurten. Hala ere, kuotaren jaitsiera hori “koronabirusaren ondorioetako bat” izan dela azaldu du.

Ohikoena antxoaren arrantzaldia bi hilabete eta erdikoa izatea bada ere, aurten arrantza-ontziak hilabete eta erdiz aritu dira antxoa arrantzatzen. Merkatuan batez beste izan duen prezioari dagokionez ere, 2019koa baino baxuagoa izan da; izan ere, iaz batez beste 1,62 euroan saldu zuten antxoa kiloa, eta 1,38an saldu dute aurten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Antxoak albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Arrantza albisteak 2024 Iparraldeko kostaldea albisteak