Ekonomia -

Mozioa

Diputatuen Kongresuak industrien aldi baterako erregulazioak luzatzea onartu du

PSOEk eta Unidas Podemosek kontrako botoa eman dute. Mozioak Espainiako Gobernua premiatu egiten du, ezinbesteko aldi baterako lan-erregulazioak urteko amaierara arte luza ditzan sektore batzuetan.

Diputatuen Kongresua. Argazkia: EFE.
Diputatuen Kongresua
Diputatuen Kongresua. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak EAJren mozio bat onartu du, PSOEren eta Unidas Podemosen kontrako botoekin, automobilgintzako, aeronautikako edo makina-erremintako ezinbesteko aldi baterako lan-erregulazioak urteko amaierara arte luzatzeko. Beraz, Kongresuak Espainiako Gobernua premiatu du, hori egin dezan.

Kongresuko Euskal Taldeak asteazken honetan jakinarazi duenez, Ganberako talde guztiek babestu dute mozioa, Espainiako Gobernuan bazkideak diren bi alderdiek izan ezik. Mozioaren helburua da industria bultzatu eta hari malgutasuna ematea, enpresen biziraupena eta bideragarritasuna errazteko.

Onartutako ekimenaren bidez, Kongresuak Espainiako Gobernuari eskatu dio ezinbesteko aldi baterako lan-erregulazioak luzatzeko, horietan aurreikusitako arrazoiek jarraitzekotan, eta, edozein kasutan, 2020ko abenduaren 31ra arte, lehiakorrak eta bideragarriak diren, hazteko ahalmena duten eta berrikuntzaren bidez balioa sortzen duten sektoreetan. Aipatutakoak horien artean daude.

Halaber, mozioak eskatzen du luzapenean lehentasuna ematea enpresa txiki eta ertainei; hain zuzen ere, 250 langile baino gutxiagoko enpresei.

Horrez gain, eskatu ere eskatu egiten zaio Espainiako Gobernuari lan-erregulazio gehiago aurkez daitezela erraz dezala, eta estrategia bat eta autonomia-erkidegoekin partekatutako plan bat proposa dezala. Estrategia eta plan horietan, ekintzak zehaztu beharko lituzke, ekonomiarako gakoak diren industria-sektoreetarako; helburua litzateke jarduerari eta enpleguari eustea, epe motzera, eta etorkizuneko lehiakortasuna hobetzea.

Mozioaren bidez, beste zerbait eskatu diote Pedro Sanchezen Gobernuari; hain zuzen, automobilgintzarako mahai espezifikoa sortzeko. Mahai horretan hauek egon beharko lirateke: Espainiako Gobernua, bereziki kaltetutako autonomia-erkidegoak, eta sektorea, oro har, balio-kate osoa kontuan izanik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Krisi ekonomikoa Politika Espainiako Gobernua bideoak Espainia argazkiak ABEEE kasuak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak COVID kasuak Industria gaur