Ekonomia -
Zergak
Nafarroak COVID-19aren ondorioz 818 milioi euro gutxiago biltzea aurreikusi du
Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren kalkuluen arabera, jaitsiera hori jasango du Gobernuaren diru bilketak aurten, “baina elementu garrantzitsuak falta dira oraindik argazkia osatzeko”.
Agentziak | Erredakzioa
Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak 818 milioi euroan zehaztu du Nafarroako Gobernuak COVID-19aren pandemia igarotakoan bilduko duen diru kopuruaren jaitsiera.
Legebiltzarraren Osoko Bilkuran Maria Solanak (Geroa Bai) egindako galderei erantzuteko, Saizek esan du “balioztapen bat” dela, “gaur egungo argazki bat, baina elementu garrantzitsuak falta dira oraindik argazkia osatzeko”.
Zergen arloan neurri berriak martxan jarriko ote dituzte galdetuta, Saizen esanetan “goizegi da zerga arloan ezer iragartzeko, are gehiago gaur egungo garaietan”. Horregatik, zeresana duten guztiek esateko dutena entzuteko deia egin du “lasaitasunez neurtzeko zerga arloan gerta litekeena”.
Kontseilariak azaldu duenez, bera buru duen departamentua Espainiako Ogasun Ministerioarekin hizketan ari da, malgutasuna lortzeko “eta Nafarroak defizit arloko neurri lasaiagoak izan ahal ditzan”.