Ekonomia -
Langabeziaren igoera
Patronalaren eta sindikatuen erreakzioak langabezia datuen aurrean
Patronalak langabeziak okerrera egingo duela dio eta sindikatuek langileak babestu nahi dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusaren pandemiaren eraginez martxoan langabeziak emandako datuak "benetan txarrak" direla azpimarratu du Confebaskek, eta apirilean "enpleguaren jaitsiera handiagoa izatea eta langabezia gehiago haztea" espero dutela gaineratu du.
Pablo Martin Confebaskeko Ekonomia alorreko arduradunak esan duenez, 10.974 pertsonako igoera "Euskadin hilabete batean izandako igoerarik handiena da".
Martinek azaldu duenez, eta aurreikusi bezala, datuak "benetan txarrak" izan dira. 10.974 langabe gehiago daude martxotik, eta, ondorioz, pandemiak eragindako langabeak orotara 12.000 direla esan du. Koronabirusaren krisiaren aurretik, martxoa 2.000 langabe gutxiagorekin amaitzea aurreikusita zegoen.
Martinenek gogora ekarri du martxoaren lehen erdia "nahiko normala" izan dela ekonomiaren jarduerari dagokionez. Apirilean, berriz, "pandemia eta beraren aurka hartutako neurriak mailarik gorenean izango dira, eta, ondorioz, enplegua are gehiago jaistea eta langabezia haztea espero dugu".
Bestalde, ELA sindikatuaren iritziz, langabeziaren gorakadaren aurrean "enplegua babestuko duten bermeak ezartzea eta kaltetutako langileak defendatzeko neurri sozialak hartzea tokatzen da, kalitatezko zerbitzu publiko eta prestazioekin".
ELAk ohar batean kritikatu duenez, langabeziaren igoera "neurri batean pandemiaren aurrean enplegua defendatzeko hartu diren neurri faltagatik izan da, edo beranduegi hartu direlako".
ELAk nabarmendu duenez, hilabete honetan langabezian izena eman duten pertsonen % 4k baino ez dute lan erregulazioko txostena (kaleratzeak) egin.
Bestalde, LAB sindikatuak langabeziaren datuek agerian uzten dutela "erabili eta botatzeko" den "enplegu prekarioaren ezegonkortasuna" adierazi du, eta 2008ko finantza krisiaren ondoren hartutako erabakiek "ondorio ikaragarriak" uzten dituztela euskal gizartearentzat ziurtatu du.
LABek "behin eta berriz" salatu duela Gobernuek eragindako neurriek "kapital handiei soilik" egiten dietela mesede gogorarazi du.
CC. OO. eta UGT sindikatuek martxoko langabeziaren igoera deitoratu dute, eta enpresen artean koronabirusaren krisiak eragindako ziurgabetasun egoeran kaleratzearen alde egin izana kritikatu dute, nahiz eta aldi baterako lan-erregulazio batera jo ahal izan.
UGTren ustez, Euskadiko enpleguak "kontratazio masibo prekarioa duen euskal lan merkatuaren ondorioak pairatzen ditu, lan edo zerbitzu kontratuak asteka, egunez egun eta orduka izan ohi direnak, edozein momentutan eta edozein arazoren aurrean suntsitzen direnak".