Ekonomia -
Koronabirusa
G20ak osasun hornigaien ekoizpena handitzeko konpromisoa adierazi du
Halaber, "jendea, eta batez ere egoera ahulenean daudenak, babesteko finantzazioa bermatzeko" ahal duen guztia egingo duela azpimarratu du.
Agentziak | Erredakzioa
G20ko kideek osasun-baliabideen ekoizpena handitzeko konpromisoa agertu dute ostegun honetan egindako bileraren ostean. Horrez gain, informazioa eta datu medikoak partekatzea adostu dute, planeta osoan koronabirusaren hedapena gelditzeko.
"Gure ekoizpena handitu egingo dugu osasun-baliabideen behar gero eta handiagoari erantzuteko eta baliabide horiek ahalik eta azkarren eskuragarri egoteko, prezio egokian, bidezkoak eta zuzenak diren oinarriei jarraituta, eta behar gehien duten lekuetan", esan dute G20ko kideek.
Ostegun honetan izandako bilera birtualaren ostean ateratako oharrean adierazi dutenez, "beharrezkoak diren osasun-neurriak hartu eta jendea, batez ere egoera ahulenean daudenak, babesteko beharrezkoa den finantzazioa bermatzen" saiatuko dira.
Halaber, beste hainbat konpromiso ere hartu dituzte G20ko agintariek: informazioa gardentasunez konpartitzea, epidemiologia-datuak eta ikerketarako materialak elkartrukatzea, eta osasun arloko sistemak indartzea.
Ildo horretan, eta Osasunaren Mundu Erakundeak agindutakoari jarraituz, pandemiaren aurkako borrokarako koordinazioa hobetzea eta baliabide gehiago jartzea adostu dute.
Horrez gain, herrialde ezberdinetako Osasun ministroak biltzea ezinbestekotzat jo du, orain arte egindakoa elkarri azaltzeko eta premiazko ekintza bateratuak erabakitzeko. Batzar hori apirilean izango da, baina oraindik ez dute datarik zehaztu.
G20a honako herrialdeek osatzen dute: Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Txina, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Argentina, Australia, Brasil, Kanada, India, Indonesia, Italia, Japonia, Mexiko, Koreako Errepublika, Hegoafrika eta Saudi Arabia.
Europar Batasuna ere erakunde horren parte da, eta beste herrialde batzuek gonbidatu gisa joaten dira bileretara, tartean Espainia, Jordania, Singapur eta Suitza.