Ekonomia -
Koronabirus epidemia
Oinarrizko zerbitzuetan ari ez diren langileak planto egitera animatu ditu LABek
Euskal sindikatuak "elite ekonomikoak eta politikoak" salatu ditu, "produkzioa mantentzeko langileak euren lanpostuetara joatera behartzen ari direlako, segurtasun neurririk gabe".
Agentziak | Erredakzioa
LAB sindikatuak oinarrizko zerbitzuak bakarrik mantenztearen alde egin du eta langileak "planto egitera" animatu ditu euren lan postuetara COVID-19aren aurkako oinarrizko segurtasun eta osasun neurririk gabe itzultzera derrigortzen dituzten kasuetan.
Sindikatuak, koronabirusaren pandemiaren aurrean, "taula aldarrikatzailea" atera du, "kapitala krisiaren ondorioak langileei gain jartzen ari delako".
Horren harian, "elite ekonomiko eta politikoen" jarrera salatu du: "oinarrizko zerbitzuak bermatzen dituzten gutxieneko zerbitzuekin lan egin beharrean, produkzioa mantendu nahi dute, eta horretarako langileak euren lan postuetara joatera behartzen ari dira, eta, kasu gehienetan, segurtasun neurririk gabe".
LABen iritziz, "Euskal Herrian gutxieneko zerbitzuak ezarri behar dira koarentenak irauten duen denboran", eta horretarako "oinarrizkoak ez diren zerbitzuak geldiarazi behar dituzte, langileen osasuna bermatu ahal izateko eta pandemia zabaltzea ekititeko".
Gainera, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteetan soldataren % 100 ordaintzea bermatzeko eskatu die enpresei.
Halaber, euskal erakundeek ezarritako alarma egoerak "155 artikuluaren izkutuko aplikazioa" ekarri duela salatu du, eta "erabakitzeko eskubidea" erreklamatu du "krisi hau kudeatu ahal izateko".