Ekonomia -
Koronabirusa
EAEn 9.222 langileri eragiten dieten lan erregulazioko 522 plan aurkeztu dituzte
Lurraldez lurralde, Araban aldi baterako lan erregulazioko 61 espediente aurkeztu dituzte, Bizkaian 390 eta Gipuzkoan 101.
Agentziak | Erredakzioa
Gaur arte, aldi baterako lan erregulazioko 552 espediente aurkeztu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, koronabirusak sortutako egoeraren aurrean, 9.222 langileri eragingo dietenak, Lan zuzendaritzak sindikatuei eta patronalari bidalitako informazioaren arabera.
Lurraldez lurralde, Gipuzkoan 101 erregulazio plan aurkeztu dituzte eta 1.331 langile dira kaltedunak, Bizkaian 390 espedienteak eta 6.434 langileak eta Araban beren gain 1.457 langile hartzen dituzten 61 eskari jaso dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailak dokumentu bat bidali die eragile sozialei, lan espedienteak aurkeztu eta onartzeko jarraibide eta oinarrizko irizpideak azaltzeko, koronabirusa ez hedatze aldera indarrean dauden mugimendu mugatzeen eta zerbitzu eta establezimenduen itxieren aurrean.
Idatzi horretan, azaltzen da ezinbesteko kasutzat hartuko direla Gobernuen neurrien ondorioz aurkezten diren espedienteak, beroriek baitakarte jarduerak eten edo bertan behera uztea, lokal publikoak aldi baterako ixtea, garraio publikoa murriztea eta, oro har, pertsona eta merkantzien mugikortasuna mugatzea.
Halaber, ezinbesteko kasutzat hartuko dituzte langileak kutsatzearen ondorioz edo osasun agintariek ezarritako prebentziozko isolamenduen ondorioz eratorritako egoera larri eta ez ohikoak eragiten dituzten planak.
Azkenik, maila berekotzat hartuko dira hornikuntza faltak, ohiko jarduerarekin jarraitzea eragozten badute edo lan jarduera batzuk bertan behera uztea eragiten badute, betiere horien jatorria covid-19arekin lotuta Gobernuak hartutako neurri ez ohikoei edo osasun agintarien gomendioei badagokie.