Ekonomia -

Arrantza

Modu 'bizian' hasi da antxoaren arrantzaldia, 7 milioi kiloko deskargekin

"Autoerregulatzeko gaitasuna" eskatu dute arrantzaleek, errentagarritasuna igotzeko. Berdelaren kostera 8.810 tona inguruko harrapaketekin bukatu da. Iaz baino "zertxobait baxuagoak" dira.

Antxoak. Irudia: EiTB.
Antxoak.
Antxoak. Irudia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

8.810 tona inguruko harrapaketekin eta 1,36 euro/kiloko prezioarekin bukatu da berdelaren arrantzaldia. Antxoarena modu "bizian" hasi da, Euskadiko portuetan 7 bat milioi kiloko deskargekin eta 1,23 euroko batez besteko prezioan.

Getariako (Gipuzkoa) Arrantzaleen Kofradian egindako prentsaurrekoan eman dituzte datuak, Antxua Egunean. Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak "bizitzat" hartu du arrantzaldiaren hasiera.

Azaldu duenez, arrantzaleak "hainbat neurri hartzen joan izan behar dira, tartean flota gelditzea, lana errentagarri egiteko helburuarekin". Zentzu horretan, "merkaturako tamaina bikaina zuten arrain asko deskargatu" dituztela azaldu du (45-60 arrain kiloko), baina taimana hori "txikia" da kontserbarako, "eta hori da merkaturatze-bide nagusiena, arrandegian kontsumoa jaitsi ostean".

Bestalde, Eugenio Elduayen Gipuzkoako Kofradien presidenteak azaldu duenez, "hainbeste antxoa egonda eskaintza handia da, bokarta mota asko, kupoa azkar agortu eta guk nahiko genukeen errentagarritasunik ez dugu ateratzen".

Zentzu horretan, eta sektorea babesteko helburuarekin, "kuota banatzearen" alde agertu da Oroz, "berdelarekin egin bezala, flotak autorregulatzeko gaitasuna izan dezan, zer motatako antxoa eta noiz harrapatuko duen erabaki ahal izateko".

Berdela

Berdelari dagokionez, iaz baino harrapaketa "zertxobait eskasagoak" izan dira. 8.810 tona arrantzatu dira, batez beste kiloa 1,36 eurotan salduz. Hala eta guztiz ere, amaitu berri den kanpainaren balorazio positiboa egin du Orozek; izan ere, "euskal kuotaren % 100 harrapatu dute, eta batez besteko salneurriak aurreko ekitaldikoa gainditu du (11.000 tona-0,97 euro/kiloa).

"Euskadiko arrantza sektorearen balio-kateari babes osoa" adierazi dio Jaurlaritzak, sailburuordeak nabarmendu duenez.

Era berean, "euskal arrantza produktu bikainak biztanleriaren artean zabaltzeko esfortzua", gogorarazi du. Kanpaina informatiboak, azoka desberdinen antolakuntza eta parte-hartzea eta banatzaile kate nagusiekin adostutako akordioak azpimarratu ditu, "saltokietan bertako produktua eta Euskadiko kalitatea izateko".

Gomendioak

Errairik gabeko arrainak erosteko gomendioa eman die Eusko Jaurlaritzak herritarrei, edo bestela, erraiak lehenbailehen garbitzea. Gainera, arraina kontsumitzeko kozinatzea gomendatu du Exekutiboak.

Arraina prestatzeko, labean, brasan zein plantxan erretzeko, irekitzea hobe dela azaldu du Jaurlaritzak, 60 graduko tenperaturara harrapatzen duela bermatzeko. Gordinik eta marinaturik jateko, aldez aurretik 24 orduz izoztea komeni da; eta nola prestatu izan den ez badakigu, kontsumoa saihestu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Antxoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Arrantza Kantauri itsasoa albisteak