Ekonomia -
Euskaltel
Euskalteleko enpresa batzordea kezkatuta agertu da telefono konpainiaren egoeragatik
Zuzendaritzari jakinarazi diotenez, ez dute "begi onez" ikusi Euskaltelen azken mugimendua, "dirua irabazteko helburuarekin, mota horretako funtsek izaten duten asmoa kontuan izanda".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskalteleko enpresa batzordeak zuzendaritzari jakinarazi dio langileak arduratuta daudela telefono konpainiaren egoeragatik eta Zegonaren asmoengatik. Batzordeak ez du "begi onez" ikusi Euskaltelen azken mugimendua, "dirua irabazteko helburuarekin, mota horretako funtsek izaten duten asmoa kontuan izanda".
Javier del Blanco enpresa batzordeko presidenteak aurreratu du, funts britainiarra Euskaltelen akziodun nagusi bihurtu dela ezagutu ostean, batzordeak bilera egin duela zuzendaritzarekin.
De Blancok adierazi du batzar horretan argi utzi dutela "kezkatuta" daudela. "Ezin dugu begi onez ikusi, jakinda zein izaten diren gisa horretako funtsen helburuak", nabarmendu du. "Funts horiekin, erosi, zatitu, saldu eta dirua irabazi besterik ez dute egiten", gaineratu du.
Era berean, bileraren ondotik azaldu du ardura horren berri "behin baino gehiagotan" eman diotela zuzendaritzari, "ez soilik enpresa batzordeak, Jaurlaritzak eta Cebek patronalak baita", esan du.
Ildo horretan, Javier de Blancok argitu du gertatutakoa aztertzen dabiltzala sindikatuak, horren aurrean erantzun bat emateko asmoz. Edozein modutan, uste du hartutako bidea ez dela negozioari bideragarritasuna emateko aukera egokiena, eta ohartarazi du mugimendu horren ostean, langileen lanpostuak ez daudela bermatuta.