Ekonomia -

SANCHEZEN AURREKONTUAK

Torra, aurrekontuak negoziatzeko prest: 'Gure baldintzak ezagutzen dituzte'

Aurrekontuei babesa emateko 'gutxieneko baldintzak' zeintzuk diren gogorarazi dio Torrak Sanchezi: errelatore figura onartzea, erabakitzeko eskubideaz hitz egiten hastea eta errepresioa amaitzea.

Quim Torra, Catalunya Radion gaur egin dioten elkarrizketan.
Quim Torra, Catalunya Radion.
Quim Torra, Catalunya Radion gaur egin dioten elkarrizketan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torra Generalitateko presidentea prest agertu da Pedro Sanchezen Gobernuak 2019rako aurkeztu dituen aurrekontuak negoziatzen jarraitzeko, joan den astean Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak independentistekin harremanak etenda zeudela jakinarazi arren. Hori bai, Torrak argi eta garbi esan du zeintzuk diren euren "gutxieneko baldintzak": errelatore figura onartzea, erabakitzeko eskubideaz hitz egiten hastea eta errepresioa amaitzea. "Ez dugu aurrekontuen tramitazioa ahalbidetuko, erabakitzeko eskubidearen ariketaz hitz egiten hasten ez bagara", zehaztu du.

ERCk eta PDeCATek osoko zuzenketak aurkeztu dizkiete sozialisten kontuei, baina Torrak ez dio aterik itxi negoziatzen jarraitzeari, Catalunya Radion goizean egin dioten elkarrizketan. "Gure baldintzak ezagutzen dituzte", esan du.

"Kataluniaren erabakitzeko eskubidetik abiatuta hitz egin nahi dugu. Azken zortzi hilabeteotan Espainiako Gobernuak ez digu jakinarazi zein den Kataluniarako duen proposamena", gaineratu du.

Bestalde, Torrak gogor salatu du Sanchezen Gobernuak aurrekontuen tramitazioa baldintzatzat jarri izana, alderdi independentistekin hitz egiten jarraitzeko.

"Behingoz", elkarrizketari ekiteko eta "proposamen bat paperean" jartzeko eskatu dio Torrak Espainiako presidenteari. Horretarako, "egutegi bat" zehazteko ere esan dio.

Generalitateko presidentearen aburuz, "oraindik" ez dakite Sanchezek Kataluniako herriarentzat duen asmoa zein den: "Zer esan nahi du Estatut berriak? Zeintzuk dira izango genituzkeen eskumenak? Xehetasun horiek guztiak nahi ditugu", esan dio Sanchezi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Aurrekontu Orokorrak Kataluniako Generalitatearen albisteak