Ekonomia -
ESPAINIAKO AURREKONTUAK
EAJk ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko Sanchezen aurrekontu proiektuari
Aitor Esteban diputatu jeltzaleak ziurtatu duenez, horrek ez du esan nahi jeltzaleek Aurrekontuen alde bozkatuko dutenik. ERCk, bere aldetik, osoko zuzenketa erregistratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJren talde parlamentarioak ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko Espainiako Gobernuaren 2019ko aurrekontu proiektuari, Aurrekontuek tramitea igaro eta Kongresuan eztabaidatu ditzaten.
Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak gaur goizean Kongresuan bertan kazetarien aurrean iragarri duenez, EAJk ez du osoko zuzenketarik aurkeztu, baina horrek ez du esan nahi jeltzaleek aurrekontu proiektuaren alde bozkatuko dutenik, horren esanetan.
"Aurten (Aurrekontuekin) gobernatu ahal izateko tarte zabala dagoela uste dut", adierazi du.
Estebanen arabera, EAJren Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) Gobernuari "konfiantza tarte bat" ematean erabaki du "gaizki-ulertu" batzuk gainditu ostean. Antza, azpiegituretan hitzemanda zeuden inbertsioetan izan ziren gaizki-ulertuak, eta "alarma" guztiak piztu ziren jeltzaleen artean.
"Egoera bideratu ahal izan da eta trabarik gabeko elkarrizketa izaten ari da azken egunotan", esan du EAJren diputatuak. Benetako negoziazioa zuzenketa partzialak bideratzen direnean (osoko zuzenketak gainditzen badira) hasiko dela gaineratu du.
"Aurrekontuak tramitatzea eta eztabaidatzea nahi dugu", berretsi du.
ERCk osoko zuzenketa erregistratu du Diputatuen Kongresuan
Esquerra Republicanak (ERC) osoko zuzenketa aurkeztu dio Espainiako Gobernuaren 2019ko aurrekontu proiektuari. Joan Tarda ERCko diputatu eta bozeramailearen ustez, Sanchezen Gobernuarekin hitz egiteko eta Kataluniako auziari konponbidea aurkitzeko ahalegin guztiak egin ostean dator erabakia.
Negoziazio guztiak "zailak" dira eta "une korapilotsuak" egon ohi dira, esan du, eta bitartekari neutral batek arazoa konpontzen lagun dezakeela nabarmendu du.