Ekonomia -
Enpresa britaniarra
Zegonak finantziazio akordioak lortu ditu Euskalteleko akziodun nagusia izateko
Euskaltelen beste % 12,5 erosi eta % 29,9 kontrolpean izango du, Kutxabanken (% 20) aurretik.
Agentziak | Erredakzioa
Zegona enpresa britaniarrak finantziazio akordio bat lortu du Euskaltel enpresaren akzioen % 12,5 gehiago erosteko; horretarako, 139 milioi euro bideratuko ditu, enpresak agiri batean Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari, gaur, jakinarazi dionez.
Zegonak Euskaltelen akzioak erosiko ditu burtsan. Gaur, 7,36 euroan kotizatzen dute. Hori horrela, enpresa britainiarra Euskalteleko akziodun nagusia bihurtuko litzateke, akzioen % 29,9ren jabe izango bailitzateke, Kutxabankek duen akzioen % 20 gaindituz.
Akziodunek zein inbertitzaile berriek kapital handitzea onetsi dute, erosketa hori egin ahal izateko. Gainera, Virgin Group eta Barclays Bankekin ere akordioak lortu ditu Zegonak mailegu kontratuak lortzeko.
Horrenbestez, Zegonak jakitera eman duenez, akziodun nagusi izanda, "Euskalteleko Administrazio Kontseiluarekin eta zuzendaritza taldearekin lan egingo du, negozioaren garapena hobetzeko".