Ekonomia -

Abiadura Handiko Trena

AHTren Bilboko eta Gasteizko sarreren proiektuak amaitu ditu Sustapen Ministerioak

Bilboko sarbidea diseinatzerakoan zituzten desadostasunak argitu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak.

Abiadura Handiko Trena lurpetik sartuko da Abandon. Argazkia: Irekia
Abiadura Handiko Trena lurpetik sartuko da Abandon. Argazkia: Irekia
Abiadura Handiko Trena lurpetik sartuko da Abandon. Argazkia: Irekia

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiadura Handiko Trena Bilbon eta Gasteizen nola sartuko den zehazten duten proiektuak amaitutzat eman ditu Espainiako Sustapen Ministerioak, eta 2019ko martxoan onartzeko eta publiko egiteko konpromisoa hartu du.

EFE berri-agentziak zabaldu duenez, Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bana Madrilen bildu dira gaur egitasmo horiei lotutako desadostasunak argitzeko asmoz.

Ezberdintasun nabarmenak Bilboko sarbidearen harian izan dituzte. Pedro Sanchezen Gobernuak aldaketak egin nahi zituen proiektu horretan; Eusko Jaurlaritzak, ostera, PPren Gobernuarekin joan den martxoan adostu zuen egitasmoa bere horretan mantentzea exijitzen zuen.

Azkenean, Sustapen Ministerioak onartu egin du Bilborako hitzartutako proiektua bere horretan uztea.

Horrenbestez, AHT lurpetik sartuko da Abandoko geltokian, eta horretarako 6,2 kilometroko tunela egingo dute. Geltokiak bi solairu izango ditu, batean aldiriko trenak izango dira, eta bestean, ibilbide luzekoak eta abiadura handikoak.

Gaurko bilera Bilboko proiektua ixteko deitu badute ere, Eusko Jaurlaritzak AHTren Gasteizko sarbidearen egitasmoa ere jarri du mahai gainean.

Arantxa Tapia sailburuaren departamentuak jakinarazi duenez, bi administrazioek joan den irailaren 13an egindako batzar batean adostu zuten Abiadura Handiko Trena Gasteizen lurpetik sartuko dela eta egungo geltokia eraberritu egingo dutela.

Hala ere, proiektuaren xehetasunik ez dute eman. AHTren sarerra eta geltokia nolakoa izango den ahalik eta azkarren publiko egitea espero dute agintariek.

Espainiako Sustapen Ministerioak 2019ko martxoan aurkeztuko ditu Gasteizko eta Bilboko egitasmoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Gasteiz Albisteak Abiadura Handiko Trena