Ekonomia -

Naval ontziola

Bi astetan kontratuak etengo dizkiela jakinarazi die Navalek ontziolako 180 langileei

Enpresa batzordeko iturriek jakinarazi dutenez, urria bukatu orduko aurkeztuko dute ontziolako 177 langileei eragingo dien lan-erregulazio txostena.

Naval ontziola. Argazkia: EiTB
Lan-erregulazio txostena iragarri du Navalek. Argazkia: EiTB
Bi astetan kontratuak etengo dizkiela jakinarazi die Navalek 180 langileei

1:41

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urria bukatu orduko, ontziola ixteko lan-erregulazio txostena aurkeztuko dutela ohartarazi diete langile guztiei Navaleko zuzendaritzak eta konkurtsoko administratzaileak.

Enpresa batzordeko iturriek jakinarazi dutenez, bi asteko epean aurkeztuko dute ontziolako 177 langileei eragingo dien txosten hori, ez dutelako Van Oord armadorea konbentzitu Alexia draga Navalen bukatzeko, eta ez dagoelako diru gehiagorik.

Horrenbestez, kaleratzeak eta kalte-ordainak negoziatzeko prozesua abiatu beharko dute bi hilabeteko epean. Hasiera batean, behintzat, Navantiara lekualdatzeko aukera eskainiko diete 150 langileri. Hori horrela, ontzigintza zibilaren eraikuntzaz arduratzen den enpresa horretara joan edo ez erabaki beharko dute beharginek.

Nolanahi dela, langileak inbertsore izateko aukera aztertzen dabiltza horietako asko, nahiz eta oraingoz ez duten ezer itxi.

Astearte arratsaldean premiazko bilera deitu zuten Sestaoko aipatu enpresako konkurtsoko administratzaileak eta zuzendaritzak, langileei "ontziolaren egoeraren berri emateko". Batzar horretan, kontratu guztiak eteteko asmoa zutela iragarri zuten.

Akordiorik gabe

Iragan astean izandako bileran, Van Oord armadorearekin Alexia draga ontzia Sestaoko ontziolan eraikitzeko akordiorik lortu ez zela jakinarazi zion Navaleko konkurtso-administratzaileak enpresa-batzordeari. Gainera, ontzia egiteko kontraturik sinatu ezean, ontziola 20 egun barru itxiko zuela esan zien langileei.

Juanjo Llorden enpresa-batzordeko idazkariak jakitera eman zuenez, ontziolaren "muturreko" egoeraren berri eman zieten Industria Ministerioko arduradunei.

Ordu eta erdiko bileran, "irtenbide bakarra" Van Oord armadorea draga egiteko konbentzitzea edo, bestela, Gobernu zentralak ontziola erreskatatzea zela azaldu zioten sindikatuek Ministerioari.

Europar Batasunak erreskate mota hori onartuko ez lukeela errepikatu zuten, orduan, Ministerioko ordezkariek "Estatu diru-laguntza" litzatekeelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak La Naval