Ekonomia -
Herrien hazkunde aurreikuspena
Nazioarteko hazkunde aurreikuspena murriztu du ELGAk 2018 eta 2019rako
BPGren hazkundeak bere mugarik altuenera heldu dela ohartarazi du Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak.
Agentziak | erredakzioa
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) nazioarteko herrien hazkunde aurreikuspena 2018an eta 2019an motelduko dela aurreikusi eta % 3,7koa izango dela esan du ostegun honetan. Halaber, BPGren hazkundeak bere mugarik altuenera heldu dela ohartarazi dute.
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak maiatzean egindako hazkunde aurreikuspenak moldatu eta txosten batean ezagutzera eman ditu; horren arabera, G20ko herri garatu eta sortu berrien taldekoentzat % 3,9ko (2018an) eta 3,8ko (2019) hazkundea aurreikusi du (hamarren bat eta hiru hamarren gutxiago, hurrenez hurren). Eurogunean, berriz, bi hamarren gutxiago hazi eta % 2 eta % 1,9 haziko da.
Beherakada nabarmenena Argentinan emango da, bere ekonomiak % 1,9 behera egingo baitu aurten. maiatzean emandako aurreikuspenen arabera, % 2 gora egingo zuen.
Turkiako ekonomiak ere zailtasunak izango ditu bi urte hauetan: % 3,2 haziko da aurten (1,9 puntu gutxiago) eta, % 0,5 2019an (4,5 puntu gutxiago).
AEBn, berriz, egoera berdintsu mantenduko da: % 2,9ko hazkundea aurten, eta 2,7koa datorren urtean. Txinan ere ez da aldaketa handirik izango, % 6,7 % etal 6,4 % haziko baita hango ekonomia.
Hala ere, politika komertzialen inguruan AEBk eta Txinak ezarritako zerga berriek aurreikusitakoa baino hazkunde komertzial motelagoa eragin dezaketela uste du Antolakundeak.
Komertzioaren hazkundea, berriz, % 3koa izan da lehen seihilekoan, 2017an baino bi puntu txikiagoa, tentsio komertzialek eragin negatiboa izan baitute merkatuen konfiantzan eta inbertsioan; ondorioz, murrizketa gehiago ezartzeak enplegua eta bizi baldintzak kaltetu ditzakeela esan du ELGAk.
Herri garatuen zein sortu berrien ekonomia gehienetan hazkunde ekonomikoa eman dela azpimarratu arren, finantza krisiak orain dela hamarkada bat eragindako ahultasuna mantentzen dela esan du Antolakundeak.
Ordutik ezarritako erreformek finantza sistema indartzen lagundu dute, baina erakunde ez bankarioetan oraindik arriskuak diraute; esaterako, inbertsio funtsetan araudia ez dago horren garatua eta ez dago argi zein nolako gaitasuna duten eragin handiko kolpe bat hartzeko.
Hori horrela, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak moneta politikaren apurkako normalizazioa gomendatu dute.