Ekonomia -
Elkarrizketa sozialaren mahaia
Confebaskekin egindako akordioari eutsiko diola argitu du Eusko Jaurlaritzak
Enplegu sailburuak goizean esandakoa zuzendu eta patronalarekin egindako akordioa mantenduko duela azpimarratu du Lehendakaritzak. Itun horren ondotik, CCOOk eta UGTk elkarrizketaren foroa utzi zuten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sindikatuak elkarrizketa sozialaren mahaira buelta daitezela lortzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak Confebaskekin egin zuen aldebiko akordioa etetea erabaki duela esan du gaur goizean Maria Jesus San Jose Enplegu sailburuak.
Alabaina, arratsaldean, Enplegu sailburuaren hitzak zuzendu ditu Lehendakaritzak. Itun hori elkarrizketa sozialaren mahaira eramango duela berretsi du, baina azpimarratu du ez duela haren ezarpena geldiaraziko.
Itun horrek hautsak harrotu zituen eta CCOO eta UGT sindikatuek aipatu foroa uztea eragin zuen.
Maria Jesus San Jose Enplegu sailburuak gaur goizean azaldu duenez, Jaurlaritzak akordio horren aplikazioa geldiaraztea erabaki zuen atzoko bileran, gobernuaren, patronalaren eta sindikatuen arteko elkarrizketa berriro ahalbidetzeko asmoz.
Azkenean, baina, ez da horrela izango. Lehendakaritzatik jakinarazi dutenez, Iñigo Urkulluk hartu du erabaki hori.
Aldebiko itun horrekin haserre, CCOOk eta UGTk elkarrizketa sozialaren mahaia utzi zuten. ELA eta LAB sindikatuen kasuan, berriz, urteak dira foro horretan parte hartzen ez dutela.
Beraz, egun elkarrizketa sozialerako mahairik ez dago.
EH Bilduk elkarrizketa exijitu du
Lehendakaritzak egindako zuzenketa horren berri izan baino ordu batzuk lehenago, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak esan du ez dela nahikoa Jaurlaritzak Confebaskekin egin zuen akordioa etetea, ondoren gehiengo sindikalarekin hitz egingo ez badute.
Casanovaren iritzian, "Urkulluren Gobernuaren helburua CCOO eta UGT elkarrizketa sozialaren mahaira itzultzea da, ELAk eta LABek osatzen duten gehiengo sindikala onartu eta errespetatu behar duenean".
Halaber, Confebasken "aliatu" izateari utz diezaiola eskatu dio Jaurlaritzari, eta gogoratu dio sindikatuen lana ez dela patronalarekin aldez aurretik sinatzen dituen akordioak berrestea.