Ekonomia -

LEPa

Urte bukaeran errepikatuko ditu Osakidetzak hiru kategoriatako azterketak

Kardiologia, Anestesia, Angiologia eta Kirurgia Baskularrean egingo dituzte berriz eta, "orokorrean", aurreko epaimahaiek erabakiko dute azterketetan, Osakidetzako zuzendariak iragarri duenez.

Darpon eta Mugica, aurreko asteko agerraldian. Argazkia: Irekia
Darpon eta Mugica, aurreko asteko agerraldian
Darpon eta Mugica, aurreko asteko agerraldian. Argazkia: Irekia

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako LEParen azterketak "urteko azken hiruhilekoan" errepikatuko dituzte, Kardiologia, Anestesia, Angiologia eta Kirurgia Baskularra kategorietan, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiak adierazi duenez.

Halaber, azaldu duenaren arabera, "orokorrean" Osakidetzako azken LEParen azterketak egin zituzten epaimahaiek erabakiko dute oraingoan ere.

Mugicak Osakidetzaren aurtengo lehen seihilekoaren balantzea aurkezteko egin du prentsaurrekoa gaur, ostirala, Gasteizen. Han, kazetariek Osakidetzako LEPa dela eta abiarazitako ikerketengatik galdetu diote, baita Euskal Osasun Zerbitzuko barne-promoziorako prozesu baten harira irekitako informazio espedienteari buruz ere.

Mugicak "zuhurtzia eta zorroztasuna" eskatu du eta, gainera, "lasaitasuna helarazi" nahi izan die oposizioa egin dutenei, prozesuak "normaltasun osoz" jarraituko duela ziurtatuta.

Espedientea Txagorritxun

Bestalde, Arabako Unibertsitate Ospitaleko (AUO) barne-promozio prozesu bat dela eta irekitako informazio espedientea kasu "bakana" izan dela ziurtatu eta txostenaren ondorioak jaso arte itxarotea eskatu du.

EH Bildu Osasun Sailari zuzendu zitzaion aurreko astean Legebiltzarreko batzordean, AUOko barne-promozio prozesu batean "irregulartasunak" izan direla jakanarazi baitzioten mezu anonimo baten bidez.

Mugicak gogorarazi duenez, informazio espedientea ireki dute, baina uko egin dio horren inguruan erantzuteari, oraindik ez baita bukatu. Halere, kasu "bakana" izan dela esan du.

"Utz dezagun informazio espedientea buka dezaten, eta ikus dezagun zeintzuk diren ondorioak", esan du. Gainera, Osakidetza barne promoziorako prozesuek "arautuak" daudela gogorarazi eta, "orokorrean, bete egiten direla" esan du.

Ikerketa noiz bukatu zain

Horrez gain, ez du azaldu zein egoeratan dauden lau espediente berriak, eta berretsi egin du bukatutakoan Osakidetzak "dagokion informazioa emango" duela.

Osakidetzako zuzendari nagusiaren esanetan, "zerbait atzematen den kategorietan, Osakidetzak beharrezkotzat jotzen dituen ekintzak burutko ditu edonolako zalantza argitzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak