Ekonomia -
Osakidetzako oposizioak
Osakidetzako lan eskaintza publikoaren eredua aldatzea proposatuko du Legebiltzarrak
Gasteizko Ganberan lan-talde bat osatuko dute balizko aldaketak aztertzeko. Horrez gain, irregulartasun zantzu guztiak Fiskaltzaren esku utz ditzala eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarrak "haserrea" agertu du Osakidetzako lan eskaintza publikoan izan diren ustezko irregulartasunen harian eta hautaketa prozesu horretan aldaketak egiteko asmoz lan-talde bat osatzeko konpromisoa hartu du.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako bina ekimen eztabaidatu dituzte gaur Gasteizko Ganberan. Hainbat espezialitateko azterketak filtratu omen direla eta, biek ala biek neurriak har ditzala exijitu diote Eusko Jaurlaritzari, eta auzi honetan Osasun Sailak izan duen jarrera kritikatu dute.
Proposamenak zortzi puntu biltzen ditu eta aurrera egin du. Zazpi puntu aho batez onartu dituzte talde guztiek; gainerakoan, berriz, EAJ eta PSE-EE abstenitu egin dira.
Osakidetzako giza baliabideen politika eta hautaketa prozesua aztertzeko lantalde bat osatzeko konpromisoa hartu du Legebiltzarrak. Lantalde hori 2019ko lehen hiruhilekoan eratuko da eta oposizio-ereduan aldaketa egitea hausnartuko du.
EAJ eta PSE-EEk ez dute puntu hori babestu, lantalde horretan Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere egon beharko liratekeela iritzita.
Horrez gain, Legebiltzarrak bere babesa helarazi die irregulartasun zantzu horien ondorioz kaltetuak izan diren herritarrei. Ildo horretan, gertatukoa argitu dezala, irregulartasun zantzu guztiak Fiskaltzaren esku utzi ditzala eta beharrezkoa den kasuetan azterketa errepikatu daitezela eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Bestalde, Osakidetzako hautaketa prozesuari buruzko kanpoko ikerketa zorrotz bat egitea galdegin du Legebiltzarrak. Oviedoko Unibertsitateari agindu diote lan hori.
Osakidetzak lau espezialitateetako azterketak geldiarazi ditu, irregulartasunak izan direlakoan.