Ekonomia -
Lan Eskaintza Publikoa
Arartekoak Osakidetzako azterketen inguruko espedientea zabaldu du
Osasun Zerbitzuak lau kategorietako azterketak utzi ditu bertan behera, filtrazioak izan ote diren ikertzen duen espediente informatzailea atera arte.
Agentziak | Erredakzioa
Arartekoak ofizioko espedientea zabaldu du Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoaren hainbat espezialitateetan ustez izandako filtrazioen ostean sortutako egoera aztertzeko.
Osasun Zerbitzuak lau kategorietako azterketak utzi ditu bertan behera, filtrazioak izan ote diren ikertzen duen espediente informatzailea atera arte. Gainera, aditu bat kontratatu dute azterketen ikerketa estatistikoa egin dezan.
Manuel Lezertuak ostegun honetan agiri batean jakitera eman duenez, atzo (asteazkena) Jon Darpon Osasun sailburuarekin bildu zen egoera "xehetasunez" aztertzeko.
Darponek azterketak nola antolatu eta egin diren azaldu zion Arartekoari, baita horien segurtasuna bermatzeko hartutako neurriak ere.
Halaber, zalantzak piztu diren azterketen inguruan espediente informatzaileak zabaldu dituztela eta horiek argitu artean emaitzak bertan behera utzi dituztela esan zion sailburuak Arartekoari.
Bestalde, Arartekoak Osakidetzaren jokabidearen inguruko ofizioko espedientea zabaldu duela esan dio sailburuari.
Sailburuak, berriz, ikerketa errazteko laguntza eskaini dio Lezertuari, beharrezko duen informazio guztia emango diola esan baitio.