Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
AHT Arabako Errioxatik igarotzeko bideetako bat baztertu du Sustapen Ministerioak
Lapuebla de Labarca, Eltziego, Villabuena eta Labastida herriak zeharkatu behar zituen zatia da baztertu dutena. Euskal erakundeak eta alderdiak aukera horren kontra agertu dira hasieratik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Sustapen Ministerioak baztertu egin du Logroño eta Miranda de Ebro lotuko duen Abiadura Handiko Trenaren (AHT) zati bat Arabako Errioxatik igarotzea. Euskal erakundeen eta alderdien kezka eragin duen zatia, hain zuzen ere.
Sustapen Ministerioak lau aukera zituen esku artean Logroño eta Miranda de Ebro lotzeko, eta bi alternatiba merkeenak (750 eta 710 milioi euroko inbertsioa) Arabako Errioxatik igarotzen ziren. Gainerako bi aukerek ez dute Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldea zeharkatzen.
Araban kalterik handiena eragingo lukeen zatia da baztertu dutena, Lapuebla de Labarca, Eltziego, Villabuena eta Labastida bezalako herriak igaro behar baitzituen.
Nolanahi ere, oraindik badago aukera bat AHTa Arabako Errioxatik igarotzeko, Gatzaga Buradonetik Zanbranarako tartean, hain justu ere. Lehen aipatutako beste bi alternatibak, ostera, AHTa Errioxatik eta Gaztela eta Leonetik igarotzea izango litzateke.
Iñaki Oyarzabal Arabako PPko presidenteak eman du Sustapen Ministerioaren erabakiaren berri, Arabako Errioxako upategien elkartearekin Laguardian egindako ekitaldi batean.