Ekonomia -

KONGRESUA

2018ko aurrekontuetan gutxieneko pentsioek igoera izango dutela iragarri du Rajoyk

'Egoera ekonomikoa hobetzen ari da', eta horrek aurtengo aurrekontuetan pentsioen inguruan 'ahalegin gehigarri bat egitea ahalbidetuko digu', Espainiako presidentearen arabera.

Mariano Rajoy, hoy, en el Congreso. Foto: EFE.
Mariano Rajoy, hoy, en el Congreso. Foto: EFE.
Rajoyk dio pentsioak ezin direla igo KPI-aren arabera

1:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018ko Aurrekontu Orokorretan gutxieneko pentsioek eta alargunenek igoera izango dutela iragarri du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak. Halaber, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan pentsiodunentzat hobariak izango direla aurreratu du.

Pentsioei buruzko saio monografikoa egin dute gaur Diputatuen Kongresuan, eta bertan egin ditu adierazpenok Rajoyk. Pentsioen inguruan itunen bat lortzeko lanerako deia egin die buruzagi popularrak talde guztiei.

"Egoera ekonomikoa hobetzen ari da", eta horrek aurtengo aurrekontuetan pentsioen inguruan "ahalegin gehigarri bat egitea ahalbidetuko digu", Espainiako presidentearen arabera.

"Sistemaren egonkortasuna orain eta etorkizunean bermatzeko", arduraz jokatzea eskatu die Rajoyk alderdi politiko guztiei. Aurrekontuen inguruan adostasun bat lortuz gero, "espainiarren ongizatea hobetzeko aukera" ikusten du PPko buruak.

Pentsioen sistemaren "jasangarritasunaren gakoa" enplegua dela gaineratu du, eta, ildo horretan, "lanpostu gehiago" sortzearen alde lan egiten jarraituko duela hitz eman du.  Bere "lehentasuna" enplegu egonkorra sortzea dela gaineratu du.

Toledoko Ituna

Toledoko Itunari buruz ere mintzatu da Rajoy. Horren iritzian, ituna "oinarri sendoa" da, eta horren gainean hartu behar dira erabakiak. "Ezin dugu hutsetik abiatu", azaldu du.

"Jarrera alderdikoiak" alde batera utzi eta gai horren inguruko "eztabaida sosegatua" egiteko eskatu du, pentsiodunei "lasaitasuna" helarazteaz gain.

"Eraikita dagoenaren gainean aurrera egitea da proposatzen dudana, eta ez gure demokrazian egindako erreformetan atzera egitea", zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mariano Rajoy Espainiako Gobernua argazkiak Espainia bideoak Aurrekontu Orokorrak Pentsioei buruzko albisteak