Ekonomia -

KAMIOIENTZAKO BIDESARIA N-1EAN

Kamioientzako N-1eko bidesaria oker dabilela salatu du Hiruk eta eteteko eskatu du

Sindikatuak ziurtatu duenez, AT sistema martxan jarri eta lehen hilabetean hogei akats baino gehiago zenbatu ditu.

Kamioientzako bidesaria, Irunen. ETBren artxiboko bideo batetik ateratako irudia.
Kamioientzako bidesaria, Irunen. ETBren artxiboko bideo batetik ateratako irudia.
HIRU sindikatuak AT sistema eteteko eskatu du akatsak daudelako

1:16

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako N-1 errepidean kamioiei ezartzen zaien bidesari berria oker dabilela salatu du Hiru garraiolarien sindikatuak. Hori dela eta, AT sistemak behar bezala funtzionatzen duela egiaztatu arte bertan behera uztea eskatu du. Horrez gain, oker kobratutako gidariei dirua itzultzea ere eskatu du, baita horrek hilabete guztian bildutako dirua itzultzea esan nahi badu ere.

Lasarte Orian eskainitako prentsaurrekoan Hiruko ordezkariek azaldu dutenez, Via-T sistema izanagatik ere AT sistemak ez die bidesaria kobratu hainbat garraiolariri. Gerora, ordea, ordaindu ez dutenek Aldundiaren mehatxuzko eskutitza jaso dute, baina xehetasunik (noiz eta nola) eta argazkirik gabe.

Ez hori bakarrik, ba omen dira ordaindu beharrik gabe bidesaria kobratu zaien furgoneta, autobus, karabana eta bestelako garraiolariak. Salatu duenez, hogeitik gora kasu zenbatu dituzte eta Diputazioa ez da kaltetuekin harremanetan jarri.

Ildo horretan, ordainketak errepasatzeko eskatu die Hiru sindikatuak gisa horretako ibilgailuak dituztenei, eta akatsen bat antzemanez gero, beraiekin harremanetan jartzeko.

Sindikatuaren esanetan, Diputazioak ezin du jendeak erreklamatu arte zain egon. Horrenbestez, AT sistemak behar bezala funtzionatzen duela bermatu arte ordainketak etetea eta oker kobratutako diru guztia itzultzea eskatu du.

Duela hilabete sartu zen indarrean sistema berria eta egunean, batez beste, 32.000 kamioi igarotzen dira N-1 errepidetik.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Gipuzkoako albisteak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Sindikatuen azken ordukoa Madril-Irun errepidea Kamioientzako bidesariak Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa