Ekonomia -
Abiadura handiko trena
Donostian AHTaren geltokia eraikitzeko proiektua lehiaketara atera dute
Trena, autobusa eta Tabakalera lotuko dituen bi solairuko eraikina izango da.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak lehiaketara atera du Donostian Abiadura Handiko Trenaren (AHT) geltokia eraikitzeko proiektua. 1.285.000 euroko aurrekontua izango du.
Euskal Trenbide Sareak (ETS) abian jarri duen egitasmoak autobus-geltokiarekin eta Tabakalerarekin lotuko ditu tren-geltokia, Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Bilboko eta Gasteizko geltokiak konplexuagoak izango direnez, Donostiakoa eraikiko dute lehenengo.
Egitasmoaren xehetasunak oraindik definitu gabe badaude ere, geltoki berriak eraikin bakarra izango du, eta egungo Atotxa geltokiaren ondoan altxatuko dute.
Eraikinak bi solairu izango ditu, eta Tabakalerako fatxada bistan geratuko da. Horrenbestez, eraikinaren estalkia plaza handi bat izango da eta kultur zentroarekin lotuta egongo da.