Ekonomia -
Zerga iruzurra
Europar Batasunak 17 paradisu fiskalen 'zerrenda beltza' egin du
Panama, Tunisia, Arabiar Emirerri Batuak, etab. daude bertan. Zigorrak jartzeko aukera eta herrialde horiei finantziazio europarra ukatzea aurreikusten du Europar Batasunak.
agentziak | erredakzioa
Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroek 17 estatuk osatutako paradisu fiskalen zerrenda beltza adostu dute, eta barruan sartu dituzte Panama, Tunisia, Hego Korea, Arabiar Emirerri Batuak eta Mongolia, besteak beste.
Elkarlanik eskaintzen ez duten jurisdikzio horien zerrendaren helburua (EB barruko lurraldeak ez dituzte sartu) mundu mailan "gobernantza egokia" sustatzea izango da, "zerga iruzurra saihesteko esfortzua gorenera eramateko", Europar Batasunak prentsa-ohar batean jakitera eman duenez.
Urtarriletik 92 herrialde edo lurralde aztertu dituzte hiru irizpidetan oinarrituta (zerga gardentasuna, zerga "justua"k izatea eta Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak adostutako neurriak ezartzea), eta "gehienek" Europar Batasunarekin "elkarrizketa eraikitzailea" izateko konpromisoa hartu dute.
Azkenik, EBren paradisu fiskalen zerrenda beltza, urtero berrikusiko dutena, herrialde hauek osatzen dute: Samoa amerikarra, Bahrein, Barbados, Granada, Guam, Hego Korea, Macao, Marshall Uharteak, Mongolia, Namibia, Palau, Panama, Samoa, Santa Luzia, Trinidad eta Tobago, Tunisia eta Arabiar Emirerri Batuak.
EBk adostutakoaren arabera, isunak jarri ahal izango dizkiete nazio mailan zerrendan agertzen direnei. Hala eta guztiz ere, Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko ordezkariak esan du neurri "irmoagoak" nahi zituela.
Europa mailan, Europako Kontseiluak adierazi du ezingo zaiela zerrendan agertzen diren herrialdeei garapen iraunkorrerako laguntzak eman, ezingo dutela Inbertsio Estrategikoetarako Europako Funtsaren dirurik jaso, eta ezta Europako Inbertsio Bankuaren laguntzarik ere.
Zerrenda grisa
Gainera, ministroek 47 herrialdeko zerrenda "grisa" ere adostu dute. Hor sartu dituzte 2018an edo 2019an legedia Europako edo munduko zerga araudi estandarretara egokitzeko konpromisoa hartu dutenak.
Zerrenda horretan daude, hain zuzen ere, Andorra, Armenia, Vietnam, Fiji, Hong Kong, Jordania, Liechtenstein, Maroko, San Marino, Tailandia, Uruguai, Turkia,Bosnia eta Herzegovina, Serbia, Jamaika, Oman, Taiwan, Qatar, Cabo Verde, Montenegro, Kaledonia Berria, Mazedonia, Peru, Malvinak, Cook uharteak, Malasia eta Maurizio, besteak beste.
Azkenik, Karibeko zortzi lurralderi (Antigua eta Barbuda, Aingira, Bahamak, Dominica, San Cristobal eta Nieves, Turk eta Caico uharteak, eta britainiar eta amerikar Birjina uharteak) denbora gehiago ematea erabaki dute, 2018 hasiera arte, udan jasan dituzten urakanak direla eta.