Ekonomia -
telekomunikazioak
Euskaltelek iragarri du Nafarroan sartuko dela 2018an
Gainera, merkatua Leonera, Kantabriara eta Errioxara ere zabalduko omen du datozen bost urteetan, Orangeren zuntz optikoa erabiltzeko akordioa lortu ostean.
agentziak | erredakzioa
Euskaltel taldeak merkatua zabaltzen jarraituko du, eta 7,6 milioi pertsonarengana iritsiko da datozen bost urteetan. Lehenik Nafarroan sartuko da, baina gero Leonera, Kantabriara eta Errioxara zabaltzeko asmoa du, Orangeren zuntz optikoa erabilita.
2018an hasiko da zabaltze prozesua, Nafarroan. 2022rako Nafarroako 150.000 etxebizitzara iritsi nahi du Euskaltelek, Francisco Arteche kontseilari ordezkariak inbertitzaileen egunean egindako ekitaldian.
Euskaltelek eta Orangek egindako itunari esker egin ahal izango du telekomunikazio enpresak zabalkunde proiektua, Orangek eremu horietan duen FTTH (zuntza etxeraino) sarea erabili ahal izango baitu.
Hala, Euskaltelek 7,6 milioi biztanleko merkatu batean eskainiko du zerbitzua, eta bere kalkuluen arabera, 500.000 dira lor ditzakeen bezero potentzialak.
Hurrengo urtean hasiko da Euskaltelen zabalkundea Nafarroan, eta Iruñean eta Antsoainen hasiko du bidea.
Aurreikuspenen arabera, 2018ko urtarrilerako, Nafarroako hiriburuko eta Antsoaingo 78.500 etxebizitzak edukiko dute aukera Euskaltelen zerbitzuak kontratatzeko (telefono finkoa, gaitasun handiko banda zabala, ordainpeko telebista eta sakelako telefonia).
Bost urteren buruan, 2022rako, 150.000 etxebizitzara iritsi nahi dute, baina horretarako Tutera, Altsasu, Etxarri-Aranatz, Uharte, Lizarra, Burlata, Eguesibar eta Zizur Nagusiraino iritsiko dira, besteak beste.
Kontseilari ordezkariaren esanetan, Euskaltelek gertutasunagatik eta bi lurraldeen arteko harremanagatik aukeratu du Nafarroa zabalkundea hasteko.
Aurreikusitako inbertsioa 20 milioi eurokoa da, eta erdia Nafarroako zabalkundera bideratuko du.