Ekonomia -
Turismoa
Ernaik pintadak egin ditu Turismoaren Euskal Agentziaren egoitzan
Eusko Jaurlaritzak erantzukizunez jokatzeko eskatu du, eta 'turismoaren sektoreari egindako eraso berri horiek' salatu ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ernai ezker abertzaleko gazte erakundeak pintadak egin ditu eta pintura gorria jaurti du Turismoaren Euskal Agentziak (Basquetour) Bilboko Bizkaia plazan duen egoitzaren aurka. Pintada horietan, abuztuaren 17rako Gernikan eta Donostian deitu dituzten manifestazioak gogoratu dituzte.
Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak erantzukizunez jokatzeko eskatu du eta "turismoaren sektoreari egindako eraso berri horiek" salatu ditu, ohar baten bidez.
Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak bere "elkartasun osoa" azaldu die "urtero 4.100 milioi euroko diru-sarrerak ekartzen dituen, 100.000 lanpostu inguru sortzen dituen eta EAEko BPGari % 6ko ekarpena egiten dion" sektoreko enpresei zein langileei.
Harkaitz Millan Basquetourreko zuzendaria Turismoaren sektoreari babesa emateko asmoz Donostian egin den ekitaldian egon da, "euskal turismo ereduak kontsentsu zabala duela aldarrikatzeko".
Aipatu oharrean, Millanek adierazi du "turismo jasangarriaren aldarrikapen faltsu batean oinarritutako turismo sektorearen aurkako erasoek izugarrizko kaltea" egiten diotela Euskadiren irudiari. Gaineratu duenez, "eraso horiek gauzatzen dituztenek ez dute euskal gizartea ordezkatzen, nahiz eta itxura hori eman nahi duten".
"Ezin dugu utzi mota horretako sabotajeek jarrai dezaten. Iraganeko garaiak gogorarazten dizkigute, eta eztabaidari ekarpena egin ordez, lortzen dutena da egoera nahastea, Euskadik kalitatezko turismo helmuga gisa duen irudiari kalte egitea eta 100.000 euskal langileren lanpostuekin jolastea", gaineratu du Millanek.
Ekintza horiek "babesten, zuritzen edota euren postulatu ideologikoak sustatzeko erabiltzen dituzten" alderdi politikoei arduraz joka dezatela eta argi kondena ditzatela eskatu die Millanek.
Ernairen bideoa
Ernaik bideo bat publikatu du Twitterren. Horretan, aurpegia estalita duten lau pertsonak ikus daitezke, pintadak egiten.
Irudietan EAEko ikur nagusietako hainbat agertzen dira, esaldi batekin: "turismoaren izenan, txiringitoa, entxufismoa, klientelismoa, prekarietatea, esplotazioa, esklabotza".
Gainera, Basquetourri "prekarietatearen euskal agentzia" izatea egotzi dio, eta EAJri eta PPri "Herria hiltzea".