Ekonomia -
Krisia
Edesako langileek uste dute CNAk enpresa ixteko asmoa duela
"Susmoa dugu eta oso ziur gaude partida beste zelai batean jokatzen ari dela eta ez digutela ezertaz informatu", adierazi dute.
agentziak | erredakzioa
Edesa Industrialeko langileek eta ELA eta LAB sindikatuek uste dute enpresa “ixteko zorian” egon litekeela, nahiz eta zuzendaritzak "beste gauza bat" esan. Hori dela eta, CNA taldeak "esku artean" duen "negozio plan berriaz" informazioa eskatu dute.
Langile talde batek eta sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur Garagartzako lantegian, Arrasaten.
Ez dute baztertzen CNA taldea, Eskoriatzako, Arrasateko, eta Basauriko lantegiak eskuratu zituena, harremanetan edo negoziazioetan izatea zorra kitatzeko helburuarekin.
Uste dute "zerbait dagoela atzean", garbiketa alorreko 30 langile kaleratzeko txostena aurkeztu dutelako urrira arteko suspentsio txostena dagoen bitartean.
"Susmoa dugu eta oso ziur gaude partida beste zelai batean jokatzen ari dela eta ez digutela ezertaz informatu", azpimarratu dute Aitor Goenaga (ELA) eta Xabier Llodiok.
Horregatik, "enpresaren benetako egoeraz informazio guztia" emateko exijitu dute, bideragarritasunean sinesten jarraitzen baitute: "Erabaki askok uzten dute agerian zuzendaritzak bizkarra eman diola hasierako proiektuari eta dagoeneko amaitu zaie sinesgarritasuna".
Eusko Jaurlaritza "zuzenean inplikatzea" eskatu dute, eta berretsi, ez dutela ulertzen "enpresaren joerari buruzko mezu positiboak zabaldu izana" langile batzordeak egoeraren berri ematen zion arren.