Ekonomia -
Ontziola
Del Dago enpresaria datorren astean saiatuko da Naval erosten
Kapital handitzean adostu zuten Del Dagok % 80a eskuratuko zuela, Ingeteam eta Murueta egungo akziodun nagusien kaltetan.
agentziak | erredakzioa
Manuel del Dago enpresaria Euskal Herrira etorriko da datorren astean kaudimen arazoak konpontzeko eta Navalen kapitalaren % 80 eskuratzeko, kapital hazkunde prozesuaren baitan, ontziola bizkaitarretik jakitera eman dutenez.
Navaleko Akziodunen Batzordeak duela hilabete onartu zuen "akordeoi operazioa" (kapitala zerora murriztu gero 42 milioi eurora handitzeko), enpresaren egoera ekonomikoa orekatzeko, galeren eraginez ez baitzen oso ona.
Kapitala handitzeaz gain, Sestaoko ontziolak zorra negoziatu du bankuekin, eta ekoizten ari diren lau ontzien jabeekin atzerapenen zigorrak ere adostu dituzte.
Kapitala handitzeko itunean adostu zuten Del Dagok % 80a jarriko zuela, Ingeteam eta Murueta egungo akziodun nagusien kaltetan.
Kapitala handitzeko prozesuaren lehenengo fasea, egungo akziodunek akzio kopuru bera erosteko aukera zutena, gaur amaituko da, eta Navieras del Nervion Manuel de Dagoren enpresak eta Iniciativas Navalesek erosteko konpromisoa dute.
Kapital hazkundearen bigarren fasean egungo akziodunek beste bazkideek erosi ez dituzten akzioak erosi ahal izango dituzte, eta 15 eguneko epea dago horretarako, jarraian.
Del Dagok epea luzatu beharra zuela esan zion Navali, operazioa burura eramateko dirua biltzeko denbora izateko, eta horrek kolokan jar zezakeen prozesua, baina bart enpresari deitu dion datorren astean egingo duela hitzemateko.
Jaurlaritzak esperantza du
Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuak uste du badagoela denbora Navalen jarduerak aurrera jarraitzeko beharrezkoa den kapital handitzea egiteko, baina aitortu du ontziolaren egoera "zaila" dela.
"Ez dut ezkutatzen egoera oso zaila dela", adierazi die Tapiak kazetariei Bilbon egindako ekitaldi batean.