Ekonomia -
Sestaoko Naval
Navalen kapitala 42 milioitan handitzea onartu du Akziodunen Batzarrak
Kapitala handituta, konpainiak finantzazio arazoari aurre egitea lortuko omen du eta lau ontzi eraikitzeko lortu zituen kontratuak gauzatu ahalko ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Sestaoko Navalek Akziodunen Ez-ohiko Batzar Nagusia egin du asteazken honetan eta kapitala 42 milioi eurotan handitzea erabaki dute, azken urteetan izan dituen galerei aurre egin eta konpainiaren etorkizuna bermatzeko asmoz.
Operazioak arrakasta izan dezan, gutxieneko harpidetza 30 milioi euroko izan behar dela ebatzi dute. Lehendabizi kapitala hutsean utziko dute, jarraian adostutako kapital handitzea egiteko.
Akziodunek hilabeteko epea dute kapitala handitzeko eta ondoren beste 15 eguneko epea zabalduko da, falta den dirua jartzeko, hala behar izanez gero.
Kapitala handituta, Navalen finantzazio arazoa konponduko dutela eta lau ontzi eraikitzeko sinatu zituzten kontratuak bete ahal izango dituztela ziurtatu du konpainiak.
"Bankuekin zorra negoziatuko dugu orain, eta armadoreekin ontziak entregatzeko datak adostuko ditugu”, erantsi dute.