Ekonomia -

Ogasuna

Ustezko zerga iruzurragatik Xabi Alonsoren kontrako auzia, artxibatuta

Epailearen arabera, futbolari euskaldunak bere aholkularien "abilezia" erabili zuen, baina ez zuela Ogasun Publikoaren kontrako ustezko deliturik egin baieztatu du.

Xabi Alonso. Artxiboko argazkia: EFE
Xabi Alonso. Artxiboko argazkia: EFE
Xabi Alonso. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustezko zerga iruzurra leporatuta Xabi Alonso Bayern Municheko futbolari euskaldunaren kontra jarritako salaketa artxibatu du Madrilgo Instrukzio Epaitegiak.  Ministerio Publikoaren arabera, Real Madrileko jokalaria zenean (2010 eta 2012 urteen artean) egin zuen ustezko iruzurra.

Dena den, iturri judizialek astearte honetan baieztatu dutenez, epaileak Xabi Alonsoren kontrako auzia artxibatzea erabaki du. Erabaki horren kontra helegitea aurkeztu daiteke. Madrilgo Delitu Ekonomikoen Fiskaltzak 2015eko uztailaren 29an abiatu zituen ikerketa izapideak, Real Madrilen eta Realaren jokalari ohiak irudi eskubideekin iruzurra egin zuelakoan.

2016an, ikerketa hori burutu ostean Xabi Alonsoren kontrako salaketa jarri zuen Jose Javier Polo Madrilgo fiskalburuak. Zehazki, futbolari euskaldunari ustezko zerga iruzurra leporatu zion, Espainiako Ogasunak egindako txostena kontuan hartuta.

Orain, Enrique de la Hoz epaileak txosten hori izan du kontuan Xabi Alonsoren kontra jarritako salaketa artxibatzeko. Espainiako Ogasunaren arabera, futbolari euskaldunak Madeirako enpresa bati saldu zizkion irudi eskubideak, eta, ondorioz, zerga iruzurra egin zuen.

Alabaina, epaileak bat egin du Madrilgo Fiskaltzaren hasierako erabakiarekin, eta Alonsok ez duela iruzurrik egin esan du. Hala, bere aholkularien “abilezia” erabilita, bere interesentzako aukerarik onuragarriena erabili zuela azaldu du, baina ez zuela Ogasun Publikoaren kontrako ustezko deliturik egin nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola azken ordukoa Futbola zuzenean Kirolak Iruzurrak argazkiak Salaketak bideoak Ekonomia albisteak Gaurko azken ordukoa