Ekonomia -
2017ko defizit helburua
PPk eta PSOEk soldata minimoa igotzea eta defizit muga adostu dituzte
Espainiako Gobernuak gutxieneko soldata 707 eurora igotzea onartu du, PSOEk erkidegoen defizita % 0,6koa izatearen truke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak eta PSOE bi akordio garrantzitsu lortu dituzte arlo ekonomikoak: erkidegoen defizit muga % 0,6koa izatea eta gutxieneko soldata 52,4 euro igotzea, 707,6ra arte.
Akordioaren ostean, Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluak oniritzia eman dio erkidegoen defizit mugari. Kataluniak, Valentziak eta Balear uharteek aurka bozkatu dute.
PSOEren iturriak aipatuta EFE agentziak jakinarazi duenez, sozialistek erkidegoen defizit muga onartu dute, soldata minimoaren igoeraren truke.
Iturri horien esanetan, akordioak ez du esan nahi Estatuko Aurrekontu Orokorren eta gastu-mugaren inguruan ere akordioa gertu dagoenik.
Are gehiago: sozialistek ohartarazi dute kontuen aurka bozkatuko dutela gastu-muga orokorra aldatu ezean.
Bestalde, Juan Pablo Riesgo Enpleguko Estatu idazkariak soldata minimoaren igoeraren berri eman die gaur arratsaldean CCOO eta UGT sindikatuei eta EOE eta Cepyme patronalei. Espainiako Gobernuak dekretu bidez onartuko du igoera ostiral honetan.
Akordioaren berri izan ostean, sindikatuek adierazi dute "aurrerapausoa" dela, baina igoera hori ez dela nahikoa, eta ez duela betetzen legegintzaldi honetarako konpromisoa, hazkundea 2017rako baita bakarrik.