Ekonomia -
'Brexit'
Euskadiko ia 500 enpresak Erresuma Batura esportatzen dute
Atzerriko laugarren bezero nagusia da euskal enpresentzat, eta esportazioen % 6 bereganatzen ditu. Iberdrola, ITP o CAF bezalako enpresek esportatzen dute eta beste batzuek han ekoizten dute.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuarekin “merkataritza harreman estua” du Euskadik, Eduardo Arechaga Confebaskeko zuzendari nagusiak azaldu duenez; izan ere, ia 500 enpresak, besteak beste, Iberdrola, ITP edo CAFek, Erresuma Batura “maiz” esportatzen dute, eta beste batzuek, Danobatek esaterako, bertan ekoizten dute.
“Gure sektore garrantzitsuetan garrantzia duen ekonomia bat da: trenak, energia, aeronautika, makina-erreminta edo automobilgintza”, azaldu du.
Zentzu horretan, Frantzia, Alemania eta AEBren atzetik, Erresuma Batua laugarren helburu esportatzailea dela gogorarazi du enpresaburuen ordezkariak. Gainera, hirugarren hornitzailea dela zehaztu du.
Europar Batasunetik ateratzeko erabakiaren ondoren, Euskadiko enpresen interesak “ahalik eta egokien babesten” saiatuko direla ziurtatu du Arechagak.
“Gertakari historiko baten aurrean gaude eta ez dago horretarako argibiderik, baina Confebaskek interes guztiak defendatuko ditu, euskal ekonomiarenak orokorrean, eta baita enpresa zehatzenak ere”, esan du.
‘Brexit’a “koherentzia eta ordenarekin” gauzatzea espero du Arechagak, “batzuen eta besteen” interesak mantenduz, ikuspuntu ekonomikotik, “oso kaltegarria ez izateko”.
Arechagaren hitzetan, nazioarteko ekonomiaren susperraldia “sendotu” behar den unearekin bat egin du Erresuma Batuaren erabakiak. “Beste zailtasun” bat dela erantsi du Confebaskeko buruzagiak.
Merkataritza-ganbera: “Txarra da, baina ez hondamendia”
Euskal enpresentzat ‘Brexit’a “albistea txarra” dela onartu du Jose Luis Gil Bilboko Merkataritza-ganberako nazioarteko esparruaren zuzendariordeak, “baina ez hondamendia”.
Erresuma Batua euskal enpresen laugarren bezero nagusia dela zehaztu du Gilek. EAEko esportazioen % 6 bereganatzen dituzte uharteek.
Hala ere, enpresek egun mundu osoan presentzia dutela gogorarazi du Gilek: “Lehiakorrak dira mundu mailan; AEBen, Frantzian eta Asian lehiatzen ari zaren enpresa bat bazara, ez du zertan eragin askorik izan behar. Beste enpresa batzuek arrisku handiagoa dute, Iberdrolak esaterako – Eskoziarekin duen harremanagatik -, edo enpresa txiki eta ertainek, orokorrean albiste txarra da, baina ez hondamendia”.
Iberdrola
Konpainiak britainiarren beharrizanei erantzuten jarraituko duela ziurtatu du Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak. Hala, ScottishPower filialak sare eta energia garbietan “beharrezkoa” dena inbertitzen jarraituko duela gaineratu du agintariak.
Erresuma Batua herrialde garrantzitsua da Iberdrolarentzat. 6.700 lanpostu eskaintzen ditu bertan, 6.465 megawatteko indarra (gehienak berriztagarriak) eta ia 5,5 milioi bezero argindar eta gas zerbitzuetan. Guztira, 30.000 milioi euroko aktiboak ditu multinazionalak Erresuma Batuan.
Erresuma Batuko merkatua emaitza osoaren % 25 da konpainiarentzat. 2016-2020 artean 8.400 milioi euroko inbertsioa egitea espero Iberdrolak.