Ekonomia -

Europako Batzordea

Androidekin monopolioa sustatzea egotziko dio Bruselak Googleri

Europako Batzordeak salaketa aurkeztuko du asteazken honetan erraldoi teknologikoaren aurka.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak karguak aurkeztuko ditu asteazken honetan Google konpainiaren aurka, Android sistema eragilearekin monopolioa sustatzea egotzita, Politico Europe eta Financial Times egunkariek aurreratu dutenez.

Margrethe Vestager Lehia komisarioaren esanetan, Googlek "lehiaren aurkakoak" diren akordioak sinatu ditu telefono eta tablet ekoizleekin, euren produktuetan Android sistema instalatzeko.

Bruselak duela urtebete ere egin zuen Googleren aurka, Interneteko bilatzailean bere produktuak lehenestea leporatu baitzion.

Vestagerrek argitu nahi du Googlek sinatutako akordioek zerbitzu alternatiboei kalte egin ote dieten.

Lehia komisarioak astelehenean adierazi zuenez, "bezero batek telefono adimendun bat erosten duenean, berehala erabiltzeko prest egotea eta oinarrizko aplikazioak edukitzea espero du".

Nolanahi ere, gaineratu duenez, "gure kezka hau da: Googlek telefono ekoizleei aldez aurretik hainbat aplikazio instalatzea agintzen badie, baliteke konpainiak galarazi izana erabiltzaileei aplikazio berriak ailegatzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Google argazkiak Ekonomia albisteak Albisteak