Ekonomia -
Burtsak
Txinako galerek Europako burtsen beherakada eragin dute, berriro
Galera handiekin hasi dute eguna Espainiako Burtsak eta Europako merkatu nagusienek.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Burtsak 9.000 puntuko mailari ezin izan dio eutsi gaurko saioan. Ireki orduko, % 2 egin du behera burtsa espainiarrak, batez ere, Txinako merkatuaren erortzeak eta petrolioaren beherakadak eraginda. Txinako burtsak zabaldu eta minutu gutxira itxi dira, berriro, % 7ko jaitsiera jasota.
Espainiakoan ez ezik, Europako hiri nagusienetako burtsetan ere galera nabarmenekin hasi dute eguna; Milangoa % 1,63 jaitsi da, Pariskoa % 2,28 eta Frankfurtekoa % 2,71.
Astelehenekoa baino datu okerragoekin esnatu da gaur Txinako merkatua. Orduan ere, ordua baino lehen itxi behar izan zituzten burtsak herrialde hartan, Shangaiko burtsak % 6,85ko eta Shenzhengoak % 8,16ko galerak izan ondoren.
Txinako Balioen Merkatuaren Batzordeak goizean iragarri dituen hainbat neurrik eragin dute burtsek behera egitea; besteak beste, akziodun handiek akzioak saltzeko muga berriak ezarri dituzte. Erabaki horrek berehalako eragina izan du Europan.