Ekonomia -
Aurreikuspen ekonomikoa
EAEko ekonomia % 2,8 haziko da 2016an, Laboral Kutxaren arabera
Lan-merkatuak hobera egingo duela iragarri du finantza erakundeak, eta 2016an langabezia-tasa % 13,8an kokatuko dela aurreikusi du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomia % 2,8 haziko da 2015ean eta 2016an, Laboral Kutxak 2016ko aurreikuspen ekonomikoei buruz egindako txostenaren arabera. Estatu espainiarrean % 3,2 haziko omen da ekonomia aurten, eta % 2,7, berriz, datorren urtean.
Finantza erakundeak 2016ko aurreikuspen ekonomikoen berri eman du gaur Bilbon eginiko prentsaurrekoan, eta bertan izan dira Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa arduraduna eta Xabier Egibar Negozioen Garapenerako zuzendaria.
Madariagaren hitzetan, Euskadiko barne produktu gordina (BPG) hazi egin da azken zortzi hilabeteetan, zerbitzuen sektoreak bultzatuta, eta lan-merkatuak hobera egingo duela iragarri du. Halaber, langabezia-tasari dagokionez, % 15,1ean kokatuko da aurten, eta % 13,8an, 2016an, Laboral Kutxaren aurreikuspenen arabera.
Bestalde, euskal industria "zabalkunde fasean" dagoela uste du Laboral Kutxak, batez ere, epe laburrean, baina ez du uste sektoreak etorkizuna "garbi" ikusten duenik.