Ekonomia -

2016ko aurrekontuak

Jaurlaritzak 2016rako Aurrekontua aurkeztu du, % 2,8ko igoerarekin

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 2016rako aurrekontu proiektua onartu du, eta aipaturiko aurrekontu proiektua ostiralean sartuko da Legebiltzarreko erregistroan, tramitazioa hasteko.

Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua. EFE
Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua. EFE
2016ko aurrekontu proiektua onartu du Urkulluren gobernuak

1:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 10.933,3 milioi euroko aurrekontu proiektua onartu du gaur 2016rako, 2015ean baino 294,3 milioi gehiago (% 2,8 gehiago).

Gobernu kontseiluaren ondotik, Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak kazetarien aurrean azaldu ditu aurrekontu proiektuaren ildo nagusiak.

Gatzagaetxebarriak ziurtatu duenez, sail guztien aurrekontua igo egin da eta "ez da inolako murrizketarik izango" 2015eko Aurrekontuekin alderatuta. Are gehiago, esan du hazkundea "moderatua" izango dela. Halaber, azaldu du garapen ekonomikoa eta enplegua bultzatzea eta gizarte babeserako euskal sistema defendatzea, sostengatzea eta garatzea duela helburu aurrekontu proiektuak. Ildo horretan, 2016ko aurrekontu proiektuaren % 75,4 gastu sozialera bideratuko da, iazko kopuruaren antzekoa, izan ere, orduan % 75,2koa izan zen.

Dena den, ostiralean ezagutaraziko dira aurrekontu proiektuari buruzko xehetasunak -kapituluak, programak eta diru-partidak-, hain zuzen ere, tramitazio hasteko, proiektua Eusko Legebiltzarrean erregistratzen dutenean.

Sailei dagokienez, Osasun Sailera bideratuko da diru gehien: 3.422 milioi euro, aurten baino % 0,8 gehiago. Hezkuntza Sailak 2.841,9 milioi euroko gastua izango du -% 1,5 gehiago- eta Enplegu eta Gizarte Politika Sailak, ostera, 1.085,8 milioi eurokoa -%1,5 gehiago-. Diru-sarrerak bermatzeko errentara bideratutako zenbatekoa 461 milioi eurokoa izango da, baina eskubide subjektiboa izanik, beharrezkoa izanez gero Eusko Jaurlaritzak diru partida hori handituko duela azaldu du sailburuak.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 671,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2016an, aurten baino 1,2 milioi euro gehiago (% 0,2 gehiago). Segurtasun Sailaren kasuan, 633,5 milioi euroko diru-partida izango du, 16,8 milioi gehiago (% 2,7 gehiago); Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, berriz, 437,5 milioi euro izango ditu, 2015ean baino 5,5 milioi euro gehiago (% 1,3 gehiago).

Herri Administrazio eta Justizia Sailaren aurrekontua 227,9 milioi eurokoa izango da -2,8 milioi eta % 1,2 gehiago -, Lehendakaritzarena 111 milioi eurokoa -4,5 milioi eta % 4,2 gehiago- eta Ogasunarena, ostera, 97,9 milioi eurokoa -200.000 eta % 0,2 gehiago-.

Eusko Jaurlaritza hasia da, aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrean onartu ahal izateko, alderdi politikoekin hitz egiten. Eusko Jaurlaritzak PSE-EErekin hitz egin du lehendabizi, 2013an akordio ekonomikoa sinatu zutelako eta azken bi urteetan sozialistak izan direlako Aurrekontuak babestu dituztenak. Dena den, Gatzagaetxebarriak ziurtatu du Jaurlaritza gainerako alderdi politikoekin ere elkartuko dela eta oraindik denbora dutela abenduan aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrean bozkatu aurretik babesak bilatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Eguneko albisteak