Ekonomia -
Eguneko lerroburuak
Confebasken aurreikuspenen hobekuntza eta tortura salaketak, titular
Ostegunari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.
eitb.eus
22.000 enplegu sortuko dira, Confebasken arabera
Aurten EAEko ekonomia % 2,7 haziko da eta langabezia, berriz, % 13,5 jaitsiko da, Confebaskek kaleratu dituen datuen arabera. Hala, 2015ean 22.000 enplegu sortuko direla iragarri du patronalak.
Tortura salaketak ugaritzen ari direla esan du Paco Etxebarriak
Milaka omen dira jada tortura salaketak biltzen ari den aditu taldeak jaso dituen salaketak, eta gehiago ere izango direla azpimarratu du Paco Etxeberriak, Jaurlaritzaren bake planaren baitan egiten ari diren txostenaren zuzendariak. Atzo Eusko Legebiltzarrean izan ziren bertako artxiboan zeuden dokumentuak jasotzen. Besteak beste, Joxe Arregiren hilketaren inguruko dokumentazioa jaso dute, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearen eskutik. Lana 2016rako osatuta izan nahiko lukete, eta Etxeberriak dei egin du segurtasun indarren aldetik inolako tratu txarrik jasan duten herritarrak beraiekin harremanetan jar daitezen.
LABek berriro irabazi ditu hauteskundeak Nafarroako Administrazioan
Nafarroako Foru Administrazioan hauteskunde sindikalak berriz irabazi ditu LABek, asteazkenean, ''gainerako sindikatuei alde handia aterata'', sindikatu abertzaleak agiri batean azaldu duenez. Esparru bakoitzeko emaitzen zain, duela lau urte baino ordezkari gehiago izango dituela esan du LABek. Bestalde, Foruzaingoko eta Osasun Publikoaren Institutuko hauteskundeak atzeratu behar izan dituzte, arazo teknikoak direla medio.
(Administrazioko hauteskunde sindikalak, Nafarroan)
Erresuma Batua: 1.433 susmagarri, haurren kontrako abusu sexualen ikerketan
Erresuma Batuko Polizia 1.433 susmagarri ikertzen ari da, haurren kontrako sexu abusuak argitzeko. Susmagarri horien artean, 76 politikari, musika alorreko 43 pertsona, eta zinema, telebista eta irrati munduko 135 lagun daude. Horietako 216 hilda daude.
Sexu erasoak gero eta bortitzagoak dira, AMEIren arabera
Sexu erasoak gero eta ugariagoak eta bortitzagoak dira, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren (AMEI) 2014ko Memorian jasotzen denez. Zehazki, erasoen kopuruak % 20 egin zuen gora iaz, 242 salaketa izan baitziren. Txosten horren arabera, familia barruko indarkeriaren eta indarkeria matxistaren kasuen kopuruak ere hazi egin ziren, % 58 eta % 38, hurrenez hurren.