Ekonomia -
Greziari, presio
Greziari finantziazioa kendu dio Europako Banku Zentralak
Finantza erakundeak likideziaren truke Greziako bonuak onartzeari utziko dio, erreskate-planaren negoziazioa "modu onean" bukatuko dela ziurtatu ezin duelako. Atenaseko Burtsa amildu egin da.
Erredakzioa
Europako Banku Zentralak (EBZ) ito beharrean utzi du Grezia. Bart kaleratutako ohar batean Syrizaren gobernu berria ekonomikoki estutzeko neurria iragarri du: herrialde heleniarrari finantzazioa kendu dio, eta Greziako bankuei likidezia ematearen truke Greziako bonuak onartzeari utzi dio. Erabakia Tsiprasen eta Varoufakisen taldearekin egiten ari den Greziako erreskate-planaren negoziazioaren baitan hartu du Draghik. Argudiatu duenez, ezin du negoziazioa "modu onean" bukatuko denik ziurtatu.
Estutu bai, baina Banku Zentralak ez du Grezia erabat "akabatu". Finantziazioa lortzeko emergentziazko laguntza-lerroa eskaini die bankuei, Greziako Banku Zentralaren bidez. Finantziazio mota hau, baina, EBZk eskainitako baino garestiagoa eta mugatuagoa da.
Europako finantza erakundeak hari batetik zintzilik utzi du Grezia, eta erlojupeko negoziazio batera behartu, merkatuen erreakzioaren menpe baitago.
Burtsek behera egin dute
Hain justu, erabakiaren biharamunean, amildu egin da Atenaseko Burtsa, % 6,90 jaitsita eta 789,55 puntutan geratu da saioa hasi eta berehala. Iragarpenak Alemaniako Burtsan eta Espainiakoan ere izan du eragina, % 0,67 eta % 1,74 jaitsi dira gaur.
Frankfurten bilera egin ostean hartu zuen erabakia EBZren gobernu kontseiluak, Draghi Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministroarekin batzarra egin eta gero.
"Eurosistemaren joko-arauen barruan dago finantzazio etete hau, ezin baitugu erreskate-planaren negoziazioa modu egokian bukatuko denik", agertu du Banku Zentralak.
Otsailaren 11n utziko diote bonuak onartzeari. Egun horretan, hain justu, Euroguneko herrialdeek bilera dute, Greziako egoera eztabaidatzeko.
Grezia, "presio politikoa"ren aurrean
Erabakia ezagutu eta biharamunean, lasaitasunerako deia egin du Greziako Finantza Ministerioak. Emergentziazko laguntza-lerroari esker, herrialdea blindatuta dagoela argudiatu du eta.
Finantza Ministerioaren arabera, EBZren ebazpenak Euroguneari egiten dio presio, "bientzat onuragarria" den erabakia lortze aldea.
Gavriil Sakelaridis Syrizaren Gobernuko bozeramaileak nabarmendu duenez, "ez dago kezkatzeko motiborik" eta erreskate-planaren negoziazioaren baitan EBZren "presio politikoa" salatu du. "Guk ez dugu xantaiarik egiten baina ez dugu xantaiarik onartuko", adierazi du Sakelaridisek telebistan.