Ekonomia -
Lan-erregulazioko txostena
Aguraingo lantegia itxiko duela iragarri du Arcelor Mittal konpainiak
Zuzendaritzaren proposamena salatu du ELAk. Gainera, orain zabalduko duten kontsulten epea “faltsua” dela ohartarazi du sindikatu abertzaleak, Gabonetako jaiegunekin batera egingo dutelako.
Erredakzioa
Aguraingo (Araba) lantegiaren 54 lanpostuak deuseztatzeko lan-erregulazioko txostena aurkeztu die gaur Arcelor Mittal konpainiak sindikatuei. Horrela, Araban duen lantegi bakarra “itxiko” du multinazionalak.
Siderurgia multinazionalaren iturriek jakitera eman dutenez, Agurainen egiten den produktuarentzako “merkaturik ez” dago. Arcelor Mittalek zortzi lantegi ditu EAEn. Agurainen altzairua ebaki eta kale-argiak eta semaforoentzako makuluak egiten dituzte.
Negoziazio batzordea osatzeko eta kontsulten epeari hasiera emateko datorren asterako deitu ditu zuzendaritzak sindikatuak. Langileen irteera gauzatzeko baldintzak adostu nahi ditu zuzendaritzak.
ELA: “Kontsulten epea faltsua da"
Zuzendaritzaren proposamena salatu du ELAk agiri batean. Gainera, orain zabalduko duten kontsulten epea “faltsua” dela ohartarazi du sindikatu abertzaleak, Gabonetako jaiegunekin batera egingo dutelako.
ELAren hitzetan, “Agurain bezalako lantegi bati lan karga emateko gaitasuna du” multinazionalak. Lan-erregulazioko txostenari aurre egiteko mobilizazioak deituko dituela iragarri du sindikatuak. “Lanpostuen deuseztapena eta industria proiektu baten desagerpena ez dugu ontzat emango”, ohartarazi du ELAk.
Era berean, ELAk, LABek eta ESKk Gasteizen, larunbaterako, deitu duten manifestazioarekin bat egingo dute Aguraingo langileek, euren lanpostuak defendatzeko.