Ekonomia -
Lan-gatazka
Bergarako Candy-Hoover enpresa itxi egingo dute
Zuzendaritzak gaur eman die bere asmoen berri 170 beharginei, 'egiturazko galerak' dituztela argudiatuta. Jaurlaritzaren aburuz, itxiera 'onartezina' da.
Erredakzioa
Bergarako Candy-Hoover lantegiak ateak itxiko ditu. Goitik kargatzeko arropa-garbigailuak egiten dituzte bertan, eta 170 langile ditu gaur egun. Horietatik, 150 inguru kaleratuko dituzte. Arlo komertzialean eta administrazioan lan egiten dutenek lanean jarraituko dute, oraingoz.
Enpresako zuzendaritzak gaur eman die horren berri langileei. "Produkzioa errentagarri izateko" egin dituzten saiakerek ez dutela emaitza onik eman esan die, eta 'egiturazko galerak' dituztela.
Multinazionalak jakitera eman duenez, azken urteotan galerak izan dituzte Bergarako plantan eta talde osoan, eta horiei aurre egiteko "hainbat neurri" ezarri dituzten arren, egoera ezin izan dutela bere onera ekarri esan dute.
Hori dela eta, konpainiak adierazi du "behartuta" dagoela Bergarako produkzioa bertan behera uztera. Goitik kargatzeko arropa-garbigailuak Txinan ekoizten jarraituko du Candy Taldeak, agiri baten bidez azaldu duenez. Txinako lantegia 2012an jarri zuten abian, eta "punta-puntako teknologia" erabiltzen dute han garbigailuak ekoizteko.
Bergarako planta itxita, "kostuak doitu" nahi ditu Candy Taldeak, ekoizten dituzten etxetresna elektrikoen salmenta mailari eusteko Europan. "Merkatuan gurekin lehian ari diren enpresek horrelako neurriak hartu dituzte azken urteotan; Asiara eta Europa Ekialdera eraman dute goitik kargatzen diren garbigailuen ekoizpena. Ondorioz, prezioak asko jaitsi dira, eta Candy ezin da horiekin lehiatu", esan dute.
Lanpostuak
Neurriak Bergarako lantegiko lanpostuak deuseztatzea eragingo du, kaleratze kolektiboa egin aurretik. Gainera, administrazio eta merkataritza zerbitzuetako langileak lekuz aldatuko dituzte.
Candyk azaldu duenez, "Europako merkatuak okerrera egin du produktu hauen alorrean, azken lau urteetan % 20 egin du behera, kostuek gora egin duten bitartean. Ondorioz, horrek guztiak "eragin zuzena" izan du Bergarako lantegian, ekoizpena % 61 murriztu baita 2007tik eta salmentek % 58 egin baitute atzera.
Enpresaren zuzendaritza gaur hasi da langileen ordezkariekin hitz egiten kontratuak eteteko neurria "ahalik eta arinena2 izan dadin.
Candy Taldeak bederatzi ekoizpen lantegi ditu: bat Italian, bat Frantziako Estatuan, bat Bergaran, bi Turkian, beste bi Errusian, bat Txekiar Errepublikan, eta beste bat Txinan. Azken hamar urteotan, "lehiakortasunari eusteko", enpresak Italiako hiru lantegi, Britainia Handiko lau eta Portugaleko bat itxi ditu.
Negoziazioa eta protestak
Ramon Romero enpresa batzordearen bozeramaileak, ESK sindikatukoak, azaldu duenez, gaur goizean bildu dira enpresaren zuzendaritzarekin, eta negoziazio prozesua azaroaren 12an hasiko da "ofizialki".
Horren aurrean, enpresa batzordeak, ESK-ko lau kidek, ELAko beste lauk, LABeko hiruk, CCOOko batek eta UGTko beste batek osatzen dutenak, kontzentrazioa deitu du lantegiaren atarian.
Gainera, 19:00etarako manifestazioa deitu dute Bergaran, eta itxieraren kontra protesta gehiago egingo dutela iragarri dute.
Udalak dio kolpe gogorra dela
Bergarako Udalak adierazi du etxetresna enpresaren itxiera kolpe "izugarria" dela herriko ekonomiarentzat, lana galduko duten beharginen egoeratik harago.
Prentsa-ohar batean, Bergarako Udalak elkartasuna adierazi die langileei, eta horien gertuko guztiei, eta kezkatuta agertu da herriko industria sarean izaten ari den "galera" dela eta.
Era berean, Udalak lan prekarietateari eta enpresen deslokalizazioari egotzi die gaurkoa bezalako gertakarien errua.
Azkenik, aurrera begira lanean jarriko dela hitzeman du Udalak, eragileekin aukerak bilatzeko nahian.
Jaurlaritzak 'bitartekoak' agindu ditu
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua Mexikon dira, bidaia fizialean. Han jaso dute Bergarako Candy-Hoover eta Gasteizko General Cable enpresen itxieraren berria. Tapiaren hitzetan, "onartezina" da bi enpresa horietako arduradunen jarrera, aurretiazko jakinarazpenik gabe kaleratzeak iragarri dituztelako. Jaurlaritzak "bitartekoak" jarriko dituela agindu du, lantegien itxiera galarazteko.
"Agur eta Banoa. Hiru hitzetan laburtu dute multinazionalek erabakia, euskal erakundeek industria bultzatzeko ditugun aukerak eta konpromisoak aztertu gabe. Ez dut onartzen Euskadirekiko erakutsi duten jarrera. Bestelako irtenbideak lantzeko borondatea zor diete langileei, eta bide egoki baten alde eginez gero, Jaurlaritzaren laguntza izango dute. Bestela, aurrean eta tinko izango gaituzte", esan du sailburuak.
LABek Jaurlaritzaren kontra egin du
Bestalde, Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzaren jarrera "antzua" salatu du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean.
Deitoratu duenez, enpresa asko finantzazio faltagatik itxi behar izan dituzte eta, kasu askotan, betiere Etxaideren hitzetan, "askozaz gehiago egin zitekeen". Beste kasu batzuetan "deslokalizazioak egin dituzte, eta horien aurrean, mugak eta politika aktibo eta eraginkorrak jarri daitezke indarrean", erantsi du Etxaidek.