Ekonomia -
Bisita ofiziala
Mexikon dauden euskal enpresen ekarpena goraipatu du lehendakariak
Urkulluk iragarri duenez, hornitzaile sare bat jarriko dute abian atzerrian dauden euskal enpresa handiei laguntzeko, aeronautika, automobilgintza eta energia sektoreetan bereziki.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Mexikon egoitza duten euskal enpresek EAEko ekonomiari egiten dioten ekarpena goraipatu du, eta Mexiko nazioartekotzeko estrategiaren "giltza" dela azpimarratu du.
Urkulluk Queretaron abiatu du Mexikon egiten ari den bidaia ofiziala, eta Queretaro, Guanajuato eta San Luis de Potosi estatuetan dauden 30 euskal enpresaren ordezkariekin bildu da, euskal ekoizle gehien hartzen dituen eremuko esperientzia bertatik bertara ezagutzeko asmoz.
Urkulluz gain, Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburua ere bidaian parte hartzen ari da.
Enpresarien aurrean emandako hitzaldian, Urkulluk gogorarazi du indartzen ari dela euskal enpresen presentzia Mexikon, eta bidaiaren helburua presentzia horrek hazten jarraitzea dela.
"Entzun egin nahi dugu, gure ekimenak modu eraginkorragoan bideratzeko, gure estrategiarentzat giltzarri den herrialde batean", azaldu du lehendakariak.
Bestalde, lehendakariak iragarri du hornitzaile sare bat jarriko dutela martxan atzerrian dauden enpresei lana errazteko, aeronautika, automobilgintza eta energia sektoreetan bereziki. Sare horrek EAEko enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzean lagunduko duela gaineratu du.
Bileran parte hartu duten enpresei zuzendu zaie lehendakaria, eta "nazioartera zabaldu nahi duen herrialde baten eredu" direla azpimarratu du, "Basque Country-ren diplomazia ekonomikoa" direla, alegia.
Enpresa hauek izan dira gaurko bileran: Aernnova, Celay, Eika, Irizar, ITR, Erreka, Gruas GH, Sisteplant, Cie Automotive Celaya, Gat, Inaumex, Tecnipesa, Ekin, Grupo Herrero Internacional, Gaindu, Grupo Urbegi, Nitrogas Precisión, Sagola, Oñati Willy y Cia, Onnera Group, Teknia Automotive, Imesaza, Panelfisa, RPK, Copreci, Mondragón Servicios Educativos, Grupo Arian-NQ, United Barco de Systems eta Batz Mexicana.