Ekonomia -

Merkataritza Legearen ostean

Decathlonek ez du Bilboko denda zabaldu, sindikatuen protestagatik

14:00etan zabaldu nahi du zuzendaritzak, sindikatuei baimena ordu horretan bukatuko zaielako, baina itxita jarraitzen du. Donostian, Gasteizen eta Irunen 10:00etan zabaldu dituzte, protesta artean.

Gaurko protestaren irudia, Bilbon. Argazkia: EiTB
Gaurko protestaren irudia, Bilbon. Argazkia: EiTB
Sindikatuen protestak medio, Decathlonek ez du Bilboko denda ireki

1:41

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Decathlonek 10:00etan zabaldu ditu Donostiako, Irungo eta Gasteizko dendak, baina Bilbokoa ezin izan du zabaldu, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek dendaren atarian egindako protestagatik.

Sindikatuek Europa Pressi esan diotenez, Bilboko dendako Zuzendaritzak gutxienez, 14:00ak arte, ez zabaltzeko agindua eman du, ordu horretan bukatuko baita sindikatuei protestak egiteko emandako baimena. Edonola ere, ordu horretatik aurrera Bilboko Decathlonek dendako ateak zabalduz gero, sindikatuek protesta berrabiaraziko dutela ohartarazi dute; dendak itxita jarraitzen du.

Ehunka lagun bildu da 09:30etik aurrera Decathlonek Euskadin dituen denden atarietan, erabaki horren kontra daudela adierazteko.

Sindikatuetatik esan dutenez, "ez da beharrezkoa jaiegunetan zabaltzea gehiago saltzeko". "Gehien kezkatzen gaituena da gaur Decathlonek zabaltzen badu, denda txikiak zabaltzera behartuta egongo direla. Handiek norbaitek zabaltzea nahi dute, hortik aurrera denak zabaltzeko, eta mundu guztia erostera joan dadin", salatu dute.

Gasteizzen egindako protestaren irudia. EiTB

Polemika eta oposizioa

Decathlon kirol-gaiak saltzen dituen Frantziako multinazionalak Euskadin dituen denda guztiak gaur, Done Jakueko jaieguna izanda; zabaltzea  erabaki du.

Multinazional frantziarrak urtean zortzi igandetan edo jaiegunetan zabaltzea baimentzen duen Merkataritza euskal Legean eta "turista asko dauden lekuetan" zabaltzea ahalbidetzen duen PPren Gobernuaren Legean oinarrituta hartu du erabakia aurten, lehenengoz.

Euskomer Bizkaia, Araba eta Giuzkoako denda txikien patronalen konfederakundeak multinazional frantziarrak hartutako erabakia errespetatu du, baina Eusko Jaurlaritzari Legea aldatzeko eskatu dio.

"Atzerritik datorren norbait, beste leku batean instalatzera, gutxienez bertako legea errespetatu beharko luke, gure ustean, eta ez Madrilen hartutako erabakietan oinarrituta jardun", esan du Pedro Campo Euskomerren aurreko presidenteak.

Donostiako protestaren irudia. EiTB

Halaber, Pedro Aspuru Euskomerren

presidente berriak aste honetan gogorarazi zuenez, "akordio bat dago,, sindikatuen eta patronalen artean, jaiegunetan ez zabaltzeko, legeak baimentzen duen arren".

"Gure iritzian, akordio hori Madriletik datorren enpresa batek hautsi du", Aspururen esanetan.

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, era berean, protestak iragarri dituzte Decathlonek zabalduko dituen denden aurrean. Bilboko kasuan, Udalak esan du espero duela mobilizaziook erosleak ez oztopatzea.

Bestalde, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramalearen hitzetan, Urkulluren Kabineteak "panorama aztertzen ari da" eta, gaia alde batera utzi izana ukatu ostean, nabarmendu du "beharrezko arreta jartzen" ari direla.

Gainera, Euskomerrek Bilboko Udalaren jarrera ere kritikatu du, Estatuko Legeak dioen bezala, jaiegunetan zabaltzeko gunean zehazteagatik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostiako azken albisteak