Ekonomia -
Zerga-bilketa
Gipuzkoak % 47,6 gehiago bildu du Aberastasunaren Zergaren bidez
Guztira, 57.057.283 euro bildu dituzte zerga berri horren bidez, hau da, Ondarearen gaineko Zergaren bidez 2012an bildutakoa, 39.660.420 euro, baino % 47,6 gehiago.
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak 57.057.283 euro bildu zituen iaz Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren bidez; hau da, 2012an Ondarearen gaineko Zergaren bidez bildutakoa (38,6 milioi) baino % 47,6 gehiago.
Donostian, prentsaurrekoan, Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Helena Franco Ogasun diputatuak eman dute datuon berri, eta abuztuaren azken astean EHU/UPV Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan datu gehiago zabalduko dituztela iragarri dute.
Francoren esanetan, guztira Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko 7.833 aitorpen aurkeztu dituzte, eta 2012an Ondarearen gaineko 6.603 aitorpen aurkeztu zituzten; hau da, % 18,6 gutxiago (1.230 aitorpen gutxiago). Gainera, batez beste 7.246 euro ordaindu dute herritarrek, eta batez beste 5.855 euro ordaindu zuten Ondarearen gaineko Zergaren bidez. Bilketak % 24,4 egin du gora, zergadunek batez beste 1.429 euro gehiago ordaindu baitute.
Guztira, 57.057.283 euro bildu dituzte zerga berri horren bidez, hau da, Ondarearen gaineko Zergaren bidez 2012an bildutakoa (39.660.420 euro) baino % 47,6 gehiago. Zerga berri honen kanpaina "erabateko normaltasunez" igaro dela azpimarratu du Francok, eta emaitzak "bikainak" izan direla. Gainera, aitorpena aurkeztu duten 7.833 gipuzkoarrei eskerrak eman dizkie "erantzukizunez eta elkartasunez" jokatu eta aitorpena aurkezteagatik.
Horrez gain, gipuzkoarren % 1ek bakarrik ordaindu dutela nabarmendu dute, "aberatsenek", eta "fiskaltzaren erreformaren kontrakoaren bidez" zerga berri horren "helburuak zapuzteko saiakerak gorabehera", eta gipuzkoarrek zerga berriaren aurrean jarrera "positiboa" erakutsi dutela nabarmendu dute.