Ekonomia -
Pentsioen erreforma
Pentsiodunen erosteko ahalmena % 40 jaitsiko da, 2050. urtea arte
Ignacio Zubiri EHUko katedradunak "herritarrei engainatzea" leporatu dio Espainiako Gobernuari, azken erreformaren ondorioz pentsioak igo egingo direla esateagatik.
David Perez | eitb.com
Pentsioak batez beste "% 40 inguru" jaitsiko dira 2050. urtea arte, Espainiako Gobernuak onartutako erreformaren ondorioz, Ignacio Zubiri Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ogasun Publikoko katedradunak ohartarazi duenez.
"Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean, Zubirik "herritarrei engainatzea" leporatu dio Mariano Rajoyren Exekutiboari, pentsioak % 0,25 igoko direla esateagatik.
Katedradunak adibide bat jarri du: pentsioen balio nominala % 0,25 igotzen bada, eta, espero bezala, inflazioa % 1,5 igotzen bada, pentsiodunen erosteko ahalmena puntu bat baino gehiago murriztuko da. "Hori horrela, irabazi ala galdu egingo duzu? Galdu!", nabarmendu du Zubirik.
"Fatima Bañez ministroak eta horren aholkulariek Ekonomiako lehen ikastaroaren lehen ikasgaia galduko zuten: garrantzitsuena ez dira aldagai nominalak, baizik eta errealak; gainerako guztia lilurak dira", deitoratu du.
Salbuespen gisa, kotizazio gabeko pentsioak aipatu ditu katedradunak, erreformak ez baitu eraginik izango horietan. "Arazo bakarra gutxieneko zenbatekoa ezartzea izango da, baina erreformak ez du eraginik izango mota horretako pentsioetan", zehaztu du.
Bestalde, erreforma krisiaren testuingurua kontuan hartuta egin izana salatu du Zubirik, ekonomia suspertu egingo baita. "Ekonomian zikloak daude, eta, beraz, ezin dira erreformak egungo egoera iraunkorra izango dela pentsatuta egin", esan du.
Baliabide ekonomiko gehiago sortzeko proposamen bat ere egin du: "Zerga sistema erreformatzeko malgutasun handia dago, eta, ondo eginda, epe ertainean baliabide ugari sortuko lirateke". Dena dela, bidea ez litzatekeela zergak igotzea izango argitu du Zubirik, baizik eta "orain zergarik ordaintzen ez dutenak zergak ordaintzen hastea". "Alde handia dago diru-bilketa handiagoa izan dadin, zergak dagoeneko ordaintzen dituztenek, soldatakoek bereziki, zerga gehiago ordaindu gabe ere".
Pentsio plan pribatuak ez dira konponbidea
Pentsiodunen erosteko ahalmena jaitsi egingo bada ere, Zubirik ez du plan pribatuak konponbidea direnik uste: "Sistema pribatuak ez dira eraginkorrak izan mundu osoan oro har, eta Espainian zehazki. Izan ere, kontsumitzaileei eskaini zaizkien errentagarritasunak lortzeko, burtsan inbertitu beharra dago, eta badakigu nola dagoen burtsa".
EHUko adituak irmo esan du: "Ez engainatu, plan pribatu batek ez ditu errentagarritasun handiak sortuko; ez espero % 4ko edo % 5eko errentagarritasuna, baizik eta % 2koa edo % 3koa, zortea baduzu".
Azken finean, familiek etxea ordaintzeko erabiltzen dituzte aurrezki gehienak, eta, horregatik, "oso diru gutxi" geratzen zaie pentsio plan pribatu bat ordaintzeko.
"Ia ezinezkoa da erretiratu eta gero bizimodu erosoa izatea. Plan pribatua ordaindu dezaketenek ez dute halakorik behar, hori da paradoxa", adierazi du.