Ekonomia -
Konstumitzaileen elkarteak
Mendeko ekarpenen auzian Kontsumobide bitartekari izatea eskatu dute
Belen Greaves zuzendari ohiaren "zoritxarreko adierazpen batzuengatik" Kontsumobideren ospea belztea "penagarria" izango litzakeela uste dute.
Erredakzioa
UCE eta EKE-FCE EAEko kontsumitzaileen elkarteak Kontsumobidek bitartekari lana egitearen alde azaldu dira Legebiltzarrean egin duten agerraldian. Betiko produktua zela jakin gabe Eroski eta Fagorren mendeko finantza-ekarpenak erosi zituzten 40.000 inbertitzaileentzat epe motzeko irtenbidea hori izan daitekeela esan dute.
Jon Ariño Euskadiko Kontsumitzaileen Federazioko presidenteak, Dolores Alzada Euskadiko Kontsumitzaileen Batasunako bozeramaileak eta Blanca Ibañez elkarteko aholkulari juridikoak Kontsumobidek egindako lana goraipatu dute, eta, horren harian, Belen Greaves zuzendari ohiaren "zoritxarreko adierazpen batzuengatik" Kontsumobideren ospea belztea "penagarria" izango litzakeela esan dute.
Euskadiko kontsumitzaileen bi elkarte nagusietako ordezkariak banan-banan agertu dira, PSE-EEk eskatuta, eta Eroskiren eta Fagorren mendeko ekarpenen kaltedunentzako irtenbiderik onena bitartekaritza izan daitekeela adierazi dute biek.
Ariñok ohartarazi duenez, familia batzuk "benetako drama" bizitzen ari dira, euren aurrezkiak "gatibu" dituztelako eta, euren arazo ekonomikoei aurre egiteko, mailegua eskatu behar izan dutelako.
Horren aurrean, egoera hau epe laburrean konpontzeko modurik onena bitartekaritza da, horren ustez, eta, are gehiago: produktu horiek atera zituzten enpresek, Eroskik eta Fagorrek, eta horiek merkaturatu zituztenek, bankuek eta kutxek, "galdu duten sinesgarritasuna berreskuratu behar dute, eta, hortaz, horiek eman behar diote konponbide bat horri".
Osorik ez bada ere, emandako diruaren parte bat behintzat itzultzea proposatu du Ariñok, eta erakunde igorleak orain finantza egoera onean ez badaude, horiei lagundu zieten finantza erakundeek konpondu beharko luketela esan du.